martes, 19 de enero de 2021

Frankenstein

Mary Wollstonecraft Shelley Londresen jaio zen 1797ko abuztuaren 30ean eta Londresen ere hil zen, 1851ko otsailaren 1ean, 53 urte  zituela. Hemezortzi urte zituen Mary Shelleyk Frankenstein idatzi zuenean. Hor sortu zuen azken mito modernoetako bat, etorkizun bikaina izango zuena, eta zinemari esker gaur egun ere ondo bizirik dirauena. Asko dira zinema mutuaren garaitik hasita gaur arte egin diren bertsioak, batzuk testuari atxikiagoak beste batzuk baino.

Gaur egun, ez da zorakeria esatea gutxik irakurri eta ia denok ikusia dugun istorio bat dela Frankenstein, aspaldi idatzia izan arren zuzen-zuzenean lotzen zaiena zientziaren aurrerapenak eta haren ondorioek gure garaian pizten dituzten eztabaida sutsuei.

Eleberri hau 1818an lehen aldiz argitaratu zen. Izuikararen genero literarioko aitzindarietako bat da. Halaber, Frankenstein eleberriak zientzia-fikzioaren  hastapena zedarritu zuela esan dute batzuek. Eleberriaren izenburu osoa, "Frankenstein edo Prometeo modernoa" da.


Istorio honetako protagonista nagusia, Victor Frankenstein da, Alemanian medikuntza ikasten ari den ikasle suitzar bat. Bere nahia, elektrizitatearen bidez, bizia sortzea da. Honegatik, hildako pertsonen gorputz atal ezberdinak batzen ditu. Eta, honela, gorputz berri bat sortzen du. Bere ustetan, elektrizitatea baino ez da falta, gorputz berri horri bizia emateko. Halako batean, bere laborategiaren kanpoaldean, tximista bat erortzen da. Eta, tximista horren elektrizitatea, Victorrek asmaturiko izaki berria dagoen ohexkarantz zuzentzen da. Handik gutxira, berak asmaturiko izakia, ohexkatik altxatzen da. Izaki hau, istorio osoan inongo izenik ez duena, laborategitik irteten da, beste gizaki batzuekin harremanak izateko asmoz. Baina, jende guztiak, bera ikustean, bereganako mespretxua eta onarpen eza erakusten dio. Arrazoi honegatik, Victorri, neskalagun bat sortzeko eskatzen dio. Eta honek, onartu egiten du. Berak sortutako izakiak, ez dio Victorri begirik kentzen, prozesu guzti hortan. Baina, bere kontzientziak zigorturik, Victorrek, bere izakiaren neskalaguna desegitea erabakitzen du, azken honi bizia eman aurretik. Eta, honela, halako batean, izakiak, Victorren neskalaguna akabatzea erabakitzen du. Baita honen lagunik onena eta beste hainbat senide ere. Honen ondorioz, Victorrek, bere izakia azken muturreraino jarraitzea erabakitzen du, eta Artikoko izotzetan hartzen duen itsasontzi batean hiltzen da Victor. Ondoren, honen izakiak hartzen du itsasontzia, eta hauxe esaten dio kapitainari:

«Ez zaitez beldur izan, ez dut gaiztakeria gehiagorik egingo. Nire lana bete hurren dago. Ez zure heriotza, ez beste ezein gizakirena ez da beharrezkoa nire izatearen ibilbidea azkendu eta nahitaez egitekoa dena burutzeko; nirea, ordea, bai. Ez pentsa luzamendutan ibiliko naizenik sakrifizio hori egiteko. Honaino ekarri nauen izotzezko baltsan urrunduko naiz zuen ontzitik, eta Lurraren ipar muturraren bila joango naiz. Su-meta bat prestatu, eta erraustu egingo dut gorputz zorigaiztoko hau, hartara haren hondakinek ez baitiote inongo argirik eskainiko nire moduko izaki bat sortzeko asmoa izan lezakeen ezein sakrilego jakingura dohakaberi»


FRANKENSTEIN

Gurasoak bidaian zebitzala eta, Victor Frankenstein Italian jaio zen, baina laster Suitzara aldatu ziren. Han, haur zoriontsua izan zen, bere familiarekin batera.

Hiru anaia-arrebetan nagusia zen, eta bazuten arreba adoptatu bat ere: Elizabeth. Hasiera-hasieratik, Victorrek eta Elizabethek oso maite izan zuten elkar, eta oso ondo konpontzen ziren.

Txiki-txikitatik, Frankenstein gazteak interes berezia azaldu zuen zientziarekiko. Bizitza nola sortzen zen, horrexek pizten zion jakin-minik handiena.

Victor denbora guztian pentsa eta pentsa aritzen zen munduaren eta bizitzaren misterioei buruz gogoeta egiten.

Hamazazpi urte bete, eta unibertsitatean sartzekotan zegoela, ama gaixorik jarri zitzaion. Zoritxarrez, zendagileek ezin izan zuten salbatu.

Emakumeak, hil baino lehen, esan  zuen:

Victor, zoriontsu izango nintzateke, urte batzuk barru, Elizabethekin ezkonduko bazina. Arima kideak zarete.

Victor eta Elizabeth, ezkutuan elkar maite baitzuten, ados egon ziren.

Ama lurperatu ondoren, Frankenstein gaztea unibertsitatera joan zen, zientziak ikastera.

Denbora aurrera joan ahala, Victor Frankensteinen esperimentuak gero eta korapilatsuagoak ziren. Hain tematura zegoen, erotzen hasia zela zirudien.

—Lortu egin behar dut! Lortu egingo dut! —errepikatzen  zuen.

Lanean hilabeteak eman eta gero, bere ustezko maisu-lana sortu zuen.

Hainbat gorputzen atalak batuz, gizaki bat moldatu zuen. Erraldoia zen ia: bi metro baino luzeagoa zen, eta gihar izugarriak zeuzkan.

Gauza bakarra falta zitzaion: bizitza.

Victor, lo eta jan faltan, gaixo eta indarrik gabe zegoen. Laborategi zulotik irten gabe, lan eta lan aritzen zen bere sorkarian.

Gauez, erraldoia argindarrez pizten saiatzen zen. Eta halako gau batean, azkenik, zientzialarien ahaleginak arrakasta izan, eta erraldoiak begiak zabaldu zituen.

—Bizi da! —oihukatu zuen Victorrek, pozaren pozez—. Nire kreatura bizi da!

Baina poztasunak gutxi iraun zion. Erraldoi hura osatzeko, atal akasgabeak erabili zituen, ustez. Baina emaitza ez zen akasgabea batere.

Munstro izugarria zen!

Bere lanaren emaitza beldurgarria ikusirik, Franskenstein doktorea, konortea galduta, ziplo erori zen lurrera. Munstroak, uluka, akera baliatu zuen kateak apurtu eta laborategitik ihes  egiteko.

Bere onera etorri  zenerako, doktorea bakarrik zegoen. Izututa zegoen egindakoaz, eta  ez  zen ausartzen bere sorkariaren bila irteten. Beldurrez zegoen zer-nolako izugarrikeriak egingo ote zituen. Luzaroan Victorrek ez zuen jakin munstroa nora joan ote  zen.

Zoritxarreko egun batean, albiste izugarria jaso zuen Frankenstein doktoreak:

—Zure anaia Willian hilik agertu da baso batean. Inork ez daki nork hilduen.

Victorrek ez zuen zalantzarik izan: hiltzailea bere kreaturak izan behar  zuen!

Beldurraren beldurrez, ez zen ezer esaten ausartu.

Aspaldiko neskame bat  salatu eta kondenatu zutenean ere, Victorrek isilean jarraitu  zuen. Baina bazekien egia, eta barruko kezkak ez zion bakerik ematen.

Urduritasunak eta kezkak gaixotasunak eragin zizkioten, bai gorputzean bai buruan.

—Honek ezin du horrela jarraitu, Victor —esan zion sendagileak—. Denboraldi bat eman behar duzu mendi aldean, aire garbia arnastu eta atseden hartu.

Hala, beraz, Frankenstein doktorea mendiko herrixka batera joan zen. Baina munstroa ere haraino joan zitzaion bila.

—Lagundu! —oihukatu zuen Victorrek, aurrean ikusi zuenean.

—Lasai, ez  zaitut hil nahi —esan zuen munstroak—.

Zurekin hitz  egin nahi dut, besterik gabe. Nire sortzailearekin. Guztiarekin errudunarekin!


Munstro tristuraz beterik mintzatu zitzaion:

—Ihes egin nuen laborategitik, ni ikusita ikaratu egin zinelako. Harrezkero, gizakiengana hurbiltzen saiatu naiz, baina beldurtu egiten zaizkit. Ihes egiten dute, irainka hasten dira, edo harrika uxatzen naute. Elkarrizketak ezkutuka entzuten ikasi  dut, inork ez baitu nirekin hitz  egin nahi. Munduko izakirik bakartiena naiz! Bakardadeak mendeku gosea piztu dit barrenean —kexatu zen munstroa—. Zure anaia Willian nik hil nuen.

—Banekien!  —oihu egin zuen Victorrek.

Orduan, munstroak trumoi ahotsez exijitu zuen:

—Sor ezazu emakume bat niretzat! Emadazu neska-lagun bat!

Frankenstein doktoreak ez zuen horrelako beste kreaturik sortu nahi, baina ezin beste aterabiderik aurkitu.

—Ados! —onartu zuen—. Baina denbora beharko dut. Victor laborategia itzuli, eta mandatu bitxi hartan hasi zen lanean.

Egunak joan, egunak etorri, Frankenstein doktoreak ez zuen kreatura emea guztiz amaitzen. Orduan, munstroak pazientzia galdu, eta mendeku hartuko zuela agindu zion.

—Larrutik ordainduko duzu! —mehatxatu zuen bere sortzailea.

Victor eta Elizabeth ezkontzeko eguna iritsi zen, eta arabateko zoriona zen nagusi familian.

Zeremoniaren ostean, ezkonberriek gonbidatuak agurtu zituzten. Gau hartan, Victor urduri baino urduriago zebilen, kezkatuta, munstroak zer egingo. Gainera, ekaitz gogorra altxatu zen.

Gauerdian, Victor jaiki, eta komunera joan zen. Orduan, garrasi izugarri bat entzun zuen. Munstroak Elizabethi eraso egin, eta Victorrek hilik aurkitu zuen.

Frankenstein doktoreak garrasika esan zuen:

—Munstro madarikatua! Zure krimena mendekatuko dut!

Gau izugarri hartatik aurrera, doktoreak atsedenik hartu gabe jazarri zuen munstroa han eta hemen, baina arrakastarik gabe.

Egunetik egunera, Frankenstein doktorea gero eta makalago eta ahulago zegoen. Adiskide batek bere itsasontzian etxera zeramala hil zen azkenean.

Baina hara non, ustekabean, munstroa ontzian agertu zen. Hunkiturik, negar betean hasi  zen:

—Barka nazazu, Victor! Bakardazu eragin dizudan oinaze guztia!

Gero, intziri bat  eginik, bere burua uretara bota, eta desagertu egin zen. Eta harrezkero ez da izan haren  albisterik.




1 comentario:

  1. Oso polita da, istorio polita ere bada, baina tristea da amaieran.

    ResponderEliminar

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...