Mostrando entradas con la etiqueta Zuhaitz Eguna. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Zuhaitz Eguna. Mostrar todas las entradas

martes, 12 de noviembre de 2013

Karrantzako zuhaitzak ikasten: Pagoa (6)





Izen zientifikoa (latinez): Fagus sylvatica
Euskaraz: Pagoa
Gazteleraz: Haya
Ingelesez: Beech tree

Familia: Fagazeoak
   Udazkenaren edertasuna La Calerako pagadian   

"Haziaren ernaroa
lur onean oparoa,
Euskal Herriko gure basoan
beti emankor pagoa"

   BEREIZKUNTZA ETA EZAUGARRIAK:   
* Baso hostogalkorrik ederrenak osatzen dituen zuhaitz ederra da.
* Zuhaitz gorpuztsua, altueran 30 m edo gehiagokoa.
* Adaburu biribildukoa.
* Adarrak etzanda hazten dira eta gorantz okertzen dira modu berezian; ugariak dira eta itzal handia ematen duen hostajez jantzita.
* Azal leuna, kolore hauskara edo zuriskoa, begi arre-gorriskekin.
* Hostoak, 5-9 cm bitartekoak, eliptikoak, luzangak eta puntan amaitzen dira; berriak direnean kolore berde argia dute, baina urtaroak aurrera egin ahala ilundu eta distiratsu bihurtzen dira, harik eta uda amaierako kolore berde bizi eta iluna hartu arte. Egun askorik irauten ez duen ikuskizun oso polita da pagadiaren udazkena.
*  Fruituak, pagatxak, binaka sortutako hur txiki (10-15 mm luze) eta ebakidura triangeluarrekoak dira, zurezko karlo baten gordeta, 4 ikuskutan irekitzen dena. Pagatxak jangarriak dira baina tanino kopuru handikoak eta mingotsak (pago arruntaren pagatxak ez dira mingotsak). Urtxintxek eta beste karraskari batzuek guztiz atsegin dituzte fruituak, baita txoriek ere.
* Udaberrian loratzen da eta pagatxak udazken hasieran heltzen dira.
   Pago hostoen alfonbra La Calera del Pradoko pagadian   
   ERABILERA:   
*  Egurra, zuria edo marroi argia izaten da, gogorra eta testura fin uniformekoa, ebanisterian eta zurgintzan oso estimatua. Antzina- antzinatik merkatuko zurik garrantzitsuenetarikoa izan da, eta gaur egun ere bada.
*  Egurra nahiko gogorra, sendoa eta lantzeko erraza denez, asko erabiltzen da altzariak egiteko, batik bat aulkiak, heldulekuak zein lurzoruak,
* Halaber, egur-ikatza egiteko lehengai nagusietarikoa izan da, eta etxeetan erabiltzeko erregaia ere bai. Oraindik ere ikus daitezke gure mendietan pago lepatuen formazioak, garai bateko ikazgintzaren lekuko.
* Zuhaitz apaingarri gisa ere kultibatzen da, batez ere fagus atropunicea, hostoak kolore purpura bizikoak dituena.
  Alenek "la cueva del zorro" esaten zion Ilso de Estacaseko pago honi  

   HABITATA eta HEDAPENA:   
* Pagoaren basoetan (pagadiak) hainbeste nagusitzen bera, ezen masa ia espezie bakarrekoak eratzen bait ditu.
* Europako erdialde eta mendebaldean bizi da, klima samur eta hezeko eskualdeetan, udako lehorterik eta izozte berantiarririk gabekoetan.
* Euskal Herrian, gaur egun, oraindik ere, sail dezenteak estaltzen ditu. Pagadiak dira zuhaitz hauen basoak. Euskal Herrian, pagadirik zabalena Iratiko oihana da.
*  Pagoa Bizkaiko zuhaitz naturalen arteko espezie garrantzitsuenetarikoa da. Nagusia da 600 m-tik gorako zonetan, eta alde horietan baso natural ia guztiak pagadiak dira.
* Karrantzan La Calera del Prado gainean dagoen pagadia oso ezaguna da. 2012 ikasturtean lehen hezkuntzakoak bertara joan ginen udazkeneko irteeran. Lanzas Agudasetik Baljerrira igotzeko alderdietan ere pagadi ikusgarria ikus daiteke.
  Baljerrian  
* Pagoak izendatzeko euskara baturako onartu ez diren euskalki edo hizkera batzuetan erabilitako beste hitz batzuk: bago, fago.
* XIX. mende hasierara arte, baso asko kontserbatu ziren; hala ere, kostu handiko gerren, burdinoletako suteen eta mozketei buruzko legeen aldaketen eraginez, Bizkaiko zuhaitz-azalera hondaturik gelditu zen, eta pagoak ia-ia desagertu egin ziren. Hala eta guztiz ere, suspertze-politika baten bitartez, erakundeek lurrak suspertu dituzte, pagoak babesteko eta galtzeko. 

                                                                                                             
    Pandoko pago baten hostoak azaro erdian   
                                            
  Ereinketa:  
Sar ezazu pagatxa 4-5 cmko sakoneran, horizontalki lurrontzi handi batean. Lurrez estali eta ureztatu. Gogoratu, pagadietako lurra erabiltzea garrantzitsua dela.

  Landaketa:  
Neguan egin behar da, hilabete aproposenak urtarrila eta otsaila direlarik. 500 metrotik gorako altueran. Burutzerakoan, sustrai osoak ateratzen saia zaitez, eta landatu ondoren, ureztatu. Hazkunde maila 15-20 cm urtean izaten dira. 
  Pago gaztea Liendoko Arboretoan  

KONDAIRA BAT
Behinola, Jentilak Perutxuren etxekoei artaldea lapurtu zien. Pobre bizi ziren eta azkenean Perutxu ausartu egin sen eta Jentilarengana joan Gorbeialdeko Itxinan dagoen Supelegorreko kobazulora. Bazekien Jentila indartsua eta gaiztoa zena baina era berean buru gutxikoa.
Zerbait asmatu behar zuen eta badiotso Jentilari:
_ Nik baietz irabazi edozein norgehiagokan.
_ Ezetz irabazi pagoak ipurti ipurditik ateratzen -erantzun zion Jentilak.
_ Bale, bihar goizeko egunsentian Pagomakurreko pagadian -erantzun zion Perutxuk.

Heldu zen ordua eta Jentilak hartu besartean eta banan-banan ateratzen zituen pagoak sustrai eta guzti porruak balira bezala. Perutxuk fetxoria hori ikustean, hartu besapean soka bat eta pago gaineetara igotzen hasi zen. Jentilak ezin zuen ezer ulertu eta badiotso harriturik:
_ Zertan zabiltza?
_ Zertan ibiliko naiz, ba, zu bezala banan-banan barik, pago guztiak sokaz lotu eta denak batera atera behar ditut.
_ Ez, mutil, ez ezazu egin holakorik, pagorik gabe ezin bizi izango nintzateke eta nire abereak ezkur faltan gauzeztandu egingo lirateke.
_ Horrela nahi baduzu itzuli egin behar didazu gurin lapurtutako artaldea, bestela badakizu!
Eta Jentilak itzuli egin behar izan zion Perutxuri artaldea eta poz-pozik joan zen bere baserrira Jentila aho zabalik utzita.

Karrantzako zuhaitzak ikasten: Gaztainondoa (5)




Izen zientifikoa (latinez):  Castanea sativa
EuskarazGaztainondoa
GaztelerazCastaño
IngelesezChestnut

Familia: fagazeoak


   BEREIZKUNTZA ETA EZAUGARRIAK   
*  Fagazeoen familiako zuhaitzak dira; beraz, haritzekin eta pagoekin ahaideturik daude, hosto erorkorrak dituzten zuhaitz haundiekin, alegia.
*  Egoera naturalean gaztainondoak 30 m-taraino erraz irits litezkeen tamaina haundiko zuhaitzak dira, adaburu zabal eta erregular bat dutela. Halere, latitude hauetan aurkitzen diren gaztainondo gehienek tamaina bereizgarria eta askoz ere goiera txikiagoak izaten dute. 
*  Enbor lodi bat dute, sarritan tximista edo zahartzaro hutsarengatik irekia eta erauzia egoten dena; bigarren mailako adar ugarik goitik ateratzen direnak, 4 m. baino gehiago gutxitan lortzen dute.
*  Hostoak: 10-20 cm luzera eta 6 cm zabalera bitartekoak, luzanga-lantzeolatuak, zorrotzak edo akuminatuak. Ertzak lodiki zerratuak. Luzeran, 20 cm; zabaleran, 6 cm.
*  Oso erraz bereizten da gaztainondoa, zerra itxurako ertzak dituzten hostoei eta azal arantzadunaz estalita dauden fruituei begiratuz gero. 
*  Gaztainondoen kasuan, fruitu asko emango dituzten adar gazte eta sendo gehiago sortarazteko inausten dira.
*  Gaztainondoaren loreak ekainaren bukaeran eta uztailean agertzen dira, eta udazkenerako lore emeek 3-7 hazi gordetzen dituzten kupula arantzadunak ekoizten dituzte.
* Gaztainondoak klima epela eta hezetasun egokia behar du ondo hazi eta gaztaina-kopuru handiak lortzeko.                                                                          Gaztainondoa Pandora doan bidezidor batetan  
* Oso sentikorra da udaberriaren azken parteko eta udazkenaren hasierako izozteen aurrean, eta ez ditu lurzoru karedunak gustuko. Basoetan itzal txikia jasan dezake, baina argia du gustuko.
   Lakatz multzoa Las Torcachaseko atsedenlekuan   

"Basaloreen usaina
gozoa eta bikaina,
janari eta egurtarako
horra hor gure gaztaina"
   ERABILERA:   
*  Gaztainak oso elikagai onak dira, nahiz eta liserigaitzak izan. Euskal Herrian janari tradizionaletako bat izan da. 
*  Bestalde, bere egur gogorra zurgintzan eta ebanisterian estimatua da. 
*  Sendabelar modura erabili izan da eta bere azala astringentea dela diote.
* Baserrien ekonomian garrantzia handia izan zuten gaztainek elikagai gisa eta zuhaitz kimuek saskiak egiteko, tintaren gaixotasunak XX. mendearen lehen erdialdean zuhaitz aleak izugarri bakandu zituen arte.
* Haziak, gaztainak alegia, gordinik edo erreta jaten dira. Azkenburukoak egiteko erabil daiteke: budinak, bizkotxoak, etab. Haragiz osatutako janarien osagarri gisa ere erabiltzen da. Sukaldaritzan baditu beste erabilera batzuk ere, hala nola irina egiteko, ogia egiteko, zerealen ordezko gisa, kafearen ordezko gisa edo zopak loditzeko.

   HABITATA ETA HEDAPENA:   
*  Espezie hau dirudienez, ekialdeko Mediterraneokoa da jatorriz, baina penintsulan oso antzinatik dagoela diote. 
*  Ipar Euskal Herri osoan ugari aurkitzen den arren, ez dirudi jatorriz lur hauetakoak direnik; litekeena orain dela urte asko hemen sartuak izatea beren fruituak probetxatu ahal izateko. Erromatarrak agian izan ziren.
*  Euskal Herrian, gaztainadiak asko hedatu ziren, Atlantikoko isurialdean batez ere. Baina mende honen hasieratik, pixkanaka-pixkanaka atzerapen handia jasan behar izan du, tintak eta tankroak sortutako eraginaren ondorioz. Gaur egun, gaztainadi izugarri horien aztarna batzuk besterik ez daude, arbola bakan batzuk eta ipurditik jaiotako pujak, han-hemenka azaltzen direlarik. 
*  Bestalde, klima heze eta epeletako zoru azidoetan ondo hazten dela esan behar da.
*  Gaztainondoak, beren ahaideak diren pagoak eta haritzak bezala, hosto eskergak dituzten zuhaitzak dira; hori horrela izanik, laino asko dagoen giro oso hezeak behar izaten dituzte, beren hostoak ihartu ez daitezen. 
* Gaztainondoa aspalditik lantzen den zuhaitza da bere hazi jangarriak eskuratzeko. Erromatarren garaian Europa mendebalde eta iparraldean sartu zen.
* Beren fruituak oso estimatuak eta kotizatuak dira animali eta gizakien kontsumorako; eta nola ez, ekologi aldetik begiratuta gaztainondoek lur onak eratzen dituzten, fauna on bat gorde eta elikatzen duten eta beste zuhaitzekin ederki bizi daitezkeen zuhaitz bikainak dira. 
* Halere, tristeena zera da: "tinta", onddo txiki bat, zuhaitz horien biziarekin oso azkar ari dela bukatzen.
  El Chorretónerako bidean dagoen gaztainondo ale bat  
Fruituak: Gaztainak, oinean argiagoa eta puntan ileduna den azal arre gorrixkako akenioa. Karloa biribildu eta gogortua da, arantza luze bakanki-ilaundunez hornitua. Multzoari lakatza esaten zaio (baita morkots, txigor, oskol eta koskol).

Karrantzako zuhaitzak ikasten: Hurritza (4)

Izen zientifikoa (latinez): Corylus avellana
Euskaraz: Hurritza
Gazteleraz: Avellano
Ingelesez: Hazel


Familia: fagazeoak
  Hurritzaren ohiko enborra, Montañan aldean  
   BEREIZKUNTZA ETA EZAUGARRIAK:   
*  8-10 metroraino iristen den zuhaiska dugu hurritza, orokorrean oinetik adarkatzen dena, baina inoiz enbor argi bat azaltzen duena. 
*  Adaburua zabala du.
*  Azala, ia leuna dena, kolore arre-gorriska azaltzen du ale gazteetan, urteen poderioz azala zartatuz doa eta kolore grisagoa hartzen du.
*  Hostoerorkorreko zuhaiskak ditugu. Hostoak handiak dira, bihotz-formakoak izaten dituzte, ertzak oso zarratuak, adarraren zehar txandakatuak,  puntatxo batekin. Kolore berdekoak, intentsitate handiagokoak goikaldetik. Hosto gazteak iletsuak izan ohi dira bi aldeetatik. 
*  Loraketa negu bete-betean ateratzen zaizkio, urtarrila eta apirila bitarte.
*  Fruitua  hurra bezala ezagutzen da, banaka eedo gehienez lauko taldetan hazi daitezke  eta abuztutik urria bitarte heltzen da. Forma globoso edo oboideduna eta kolore arrekoa.  Azpikaldetik forma hortzduneko inbolukru hostokara batek estaltzen du.
*  Hurritzen fruituak haritzen antzekoak dira eta pago, gaztainondo, arte, e.a. bezalako fagazeoen ezugarri berdinak dituzte; estaldura gogor bat dute eta jangarria dena bere barruan. Azal horrek negu luzeak irauteko aukera ematen die. Urte batzuetan lurperatuta edo erdilurperatuta egoteko aukera die kondizio onak aurkitu arte. Gainera beren forma borobilak biraka erraztasunez joateko aukera ematen die, erreka, hesi, ibarbide, e.a. bezalako barrera natural edo artifizialetarino iritsi arte... leku hauetan aurkitzen ditugu. 
 Udazkenen bete-betean hostoak eta fruituak batera Pandoko elizaren ondoko hurritz honetan  
   ERABILERA:   
* Gizakiok hurrak eskuratzen ditugu.
*  Hurra, dituen olio kopuruagatik, balio nutritibo altuko fruitu lehorra da. Gordinik edo txigortuta jan daiteke, eta oso erabilia da gozogintzan. Kimu gazteak, bere malgutasunari esker, oso erabiliak izan dira otar eta saskigintzan. Azala lehorgarria da eta hosto eta adasken propietatean ona dira zirkulazio egokiago batentzat. 
*  Ez dugu ahaztu behar betidanik euskaldunok hurritz-makilak erabili izan ditugula mendian ibiltzeko. Esaten dute San Juan gauan moztutako adarrak uretan jartzen baldin badira, makilik sendoenak izaten direla. Igerleek maiz erabiltzen zuten makila da, gehienbat urbilatzaileek.
*  Egur gogorra dute, tailatzeko eta zurgindegietan oso estimatua da.
*  Euskal herrian ugari izaten dira batez ere larre-toki ertzetan. Etxaldeak banatzeko erabiltzen dira non benetako hesi naturalak sortzen dituzte beren fruitu jangarriak aprobetxatzen ditugun bitartean. 

   HABITATA eta HEDAPENA:  
*  Klima epeletako landarea da, nahiz eta bere banaketa oso zabala den mundu zaharrean. Ingurune hezeak, fresko eta ospelak atsegin dituen espeziea da. Apur bat azidoak diren lurzoruak ditu gustuko, kararri-buztin-silizeoko sustratuak alegia. Oso sentikorra da lehorteei, batik bat lurzoruak eusten ez badio hezetasunari.
*  Hurritzek hosto erorkor handiak dituztenez gero kondizio freskoak eta hezeak behar izaten dituzte; aunitz aurkitzen dira Euskal Herri osoan harizti, pagadi edo toki hezeak dauden alderdi guztietan..
* Batik bat Europa eta Asia ekialdean banatuta dagoen zuhaiska dugu hurritza. Hostozabalen oihanpeetako osagai garrantzitsua da, bertan gune heze eta itzaltsuak bilatzen dituztelarik. Mesolitiko eta Neolitikoko fosilak aztertuz badirudi gizakiaren neguko dietaren osagarri garrantzitsu zirela. Euskal Herrian banaketa zabala du ipar isurialdean, hegaoldekoan berriz, urriagoa da eta ibai ertz eta amildegietan babesten da Ebro haranean guztiz desagertzen den arte.
  Ordunteko ibilbidea egin genuenean ikasle batzuek hurritz makilak eramaten zituzten  

jueves, 7 de noviembre de 2013

Karrantzako zuhaitzak ikasten: Urkia (3)

 



Izen zientifikoa (latinez): Betula alba
Euskaraz: Urkia
Gazteleraz: Abedul
Ingelesez: Birch tree


Familia: betulazeoak



   BEREIZKUNTZA ETA EZAUGARRIAK:   
*  Hosto galkorreko zuhaitza.
*  Adaburu estua du, kono zorrotzaren formakoa, adar zintzilikariekin.
*  Hogei metroko garaiera irits dezakeena.
*  Urrundik ikusita, ezaugarri garrantzitsuenak itxura piramidala eta azala zuri-leuna dira. Hurbildu ahala azalak dituen zirrinda ilun  horizontalak bereiz daitezke.
*  Hostoak triangeluarrak edo gezi formakoak dira; berde argitsuak dira, eta udazken garaian horiska kolorea hartzen dute.
*  Udaberrian loratzen da. Lore usaintsuak apirilean agertzen dira. Fruituak, hegaldunak, uda amaieran edo udazken hasieran heldu egiten dira.
*   Hasieran hazkuntza oso arina du, baina adinarekin gutxituz doa.
*  Sustraiak azalekoak dira eta lurzoru handian zehar  hedatzen dira. 
*  100 urte inguru bizi daiteke.
   ERABILERA:   
*  Hazkuntza arina eta itxura dotorea dela eta, lorategi eta parkeak hornitzeko erabili da. 
*  Zura paper-orea fabrikatzeko erabiltzen da; oso ondo hartzen du su, eta oso estimatua da egurretarako.
* Zuhaitz honen enborra oso erabilia izan da besteak beste, ikatza egiteko, papergintzan eta artzainen kaikuak eta txokoloak elaboratzeko
*  Europako Iparraldean, hango baita jatorriz, edari apartsu bat ateratzen dute haren izerditik: urkizerbeza.

*   Aditu batzuen ustez, "betula" latinetik dator, "zigortu" esannahia omen du; garai batean ohitura zela haren adarrak erabiltzen eskoletan umeak zigortzeko.
      Urkiaren enbor lirainak, El Suceson dagoen parkean    
   HABITATA eta HEDAPENA:  
*  Jatorriz Europarra.
*  Hondar-lurrak atsegin ditu, baina oso lehorrak direnean ez da ageri.  
*  Hau itzala emeten dioten espezierik ez dagoelako da. Honela espezie honek baso txikiak era ditzake; urkidiak.
*  Ia Europa osoan eta Asiako parte handi batean dago hedatuta.
*  Euskal Herrian dagokionez, baso hostoerorkor askotan aurkitzen da; adibidez, Karrantzan.

      Maider, Araitz, Erika eta Nekane urki enbor batean ezkutaketan, ala?     


           URKIA          

Karrantzako zuhaitzak ikasten: Haritz amerikarra (2)

Izen zientifikoa (latinez): Quercus rubra
Euskaraz: Haritz amerikarra (haritz gorria, amerikar haritza, ipar haritza)
Gazteleraz: Roble americano (roble rojo)
Ingelesez: American Oak (Northern Red Oak, Champion Oak)

Familia: Fagazeoak

       La Moradilla basoko haritz amerikarra     


   BEREIZKUNTZA ETA EZAUGARRIAK:   
*  Bere hostoek lobulu sakonak dituzte, punta-estuak; udazkenean kolore gorria hartzen dute (haritz gorria) eta haritz arruntarenak  baino askoz handiagoak izaten dira (12 - 22 cm. bitartekoak).
*  Zuhaitz honek azal leun eta argia du, pagoaren antzekoa; zuhaitz liraina eta garaia da (25 - 50 m-ko altuera), eta enborra lodia, apurkorra, hezea eta zuzena du.
*  Loreak txikiak eta gorriskak dira.
* Fruitua (ezkurra) udaberrian ateratzen da.  Zuhaitz honen ezkurrak zanpatuak dira eta kandugabeak. Ezkurra oboidea da eta 2 - 2,5 zentimetro bitarteko luzera du. Europako bere ahaidearen antzekoa izan arren garaiagoa da, oso handi eta dotorea.
     Haritz amerikarraren hosto dotoreak     
   ERABILERA:   
*  Bere hazkunde nabarmenagatik egur ekoizpenerako erabiltzen da. 
*  Zura haritz arruntarena baino kalitate txikiagoa da; batez ere, ardoa eta beste pattar batzuk (brandya) zahartzeko upelak egiteko erabiltzen da. 
*  Haritz amerikarren egurra, nahiz eta haritzarenak bezain onak ez izan, erdi mailako produktuak parketean erabiltzen dira eta onenak arotzgintzan.
     Karrantzako La Moradilla baso miresgarria     

   HABITATA eta HEDAPENA:   
* Jatorriz Ipar Amerikakoa da.
* Itsasoaren mailatik 600 metrora bitarteko guneetan koka daitezke lurzoru sakon, emankor eta hezeetan, baina ez putzutsuetan eta ahal izanez gero laiotz edo izotz berantiarreko arriskua duten guneetatik kanpo.
* Europan XVIII. mende hasieran sartu zuten eta haritz arrunta eta pagoaren lurretan landatu da (herri atlantikoetan).
* Bizkaian gehienbat zona altuetan landatu da, adibidez Urkiolan eta Otxandion. Karrantzan La Escrita azpian dagoen basoan, La Moradilla izenekoa, ikusgarri azaltzen da udazkenean; bertan erraz bereizten dira, euren hostotzak hartzen duen urre kolorearen eraginez.
     Eleder, Anartz eta Aner, haritz amerikarren hostotzan La Moradilla basoan 2011n     

   ERAGINA GIZARTEAN:   
* Zuhaitz honek ultzera, gastritisa eta hemorroideak sendotzen ditu.

   BASO-BERRITZEA eta TRATAMENDUA   
. Garbiketak lehenengo 4 urteetan.
• Formazio-mozketak, 3 edo 4. urtetik aurrera eta ondorengo urteetan 5 metroko enbor zuzena lortu arte.
• 9 eta 12. urteetan, sastraka-kentzea.
• 12. urtean, inausketa bajua.
• 20. urtean, hektareako 200 oin onenetan inausketa altua.
     Pando auzotik hurbil dagoen haritz amerikarra     

miércoles, 6 de noviembre de 2013

Karrantzako zuhaitzak ikasten - Haritza (1)

Izen zientifikoa (latinez): Quercus robur
Euskaraz: Haritza (haritz kanduduna)
Gazteleraz: Roble (roble pedunculado. Baita carballo, Galician; carbayu, Asturiasen; eta cajiga, Cantabria aldean)
Ingelesez: Oak

Familia: fagazeoak (ametzak, quercus pyrenaica; haritz amerikarra, quercus rubra; haritz kandugabea, quercus petrea........)

* "robur" latinetik dator, eta gogorra edo zaila esan nahi du, hori baita haritz honen zuraren ezaugarri nagusia.

"Oinarri sendoa haitza
basoan zutik zuhaitza,
gizakiontzat babes lekua
gure betiko haritza".



  Pando ondoko haritz zaharra   

   BEREIZKUNTZA ETA EZAUGARRIAK:   
*  45 m-ko altuerara iritsi daiteke.
*  Hostogalkorra (hosto erorkorra). Udazkenean hostoak erortzen zaizkio.
*  Bere enborra beti izaten da lodia eta askotan okerra.
*  Adaburua ireki eta obala.
*  Sustrai sakonak ditu.
*  Hosto lobulatuak ditu. Txandaka kokaturik daude. 5-15 cmko luzeraz.
*  Fruituak, ezkurrak (irail-urrian heltzen dira). Ezkurra. 2-3 cm-tako forma borobildua. Orlegia lehendabizi eta heldutasunarekin gaztaina, marra ilunekin. Ezkurrak onak dira txerriak bazkatzeko. Animalia askok oso estimatuak dituzte eta basurdeen, urtxintxen, arratoien eta animalia belarjale askoren eta marraskarien oinarrizko janaria dira. Ardiek ere neguan belarra jan beharrean, ezkurrak jaten dituzte. 
*  Bizi iraupen handiko espeziea da, 600 urtez bizi daiteke, batzuetan 1.000 urte baino gehiagora heltzen delarik, Gernikako arbola zaharra bezala.
     Haritz hostoak El Mato-n     
   ERABILERA:   
*  Kalitate oneko egurra dute haritzek. Hori dela eta, zurgindegi batean  oso estimatua izaten da egur hau.
* Itsasontzien eraikuntzan, trenbidetrabesak eta etxeen eta baserrietan habeak egteko erabilia izan da. Haritzak sarritan altzariak eta lur zolak egiteko erabiltzen den zur gogorra dute.
*  Haritzaren egurrak oso ondo jasaten du ura eta askotan txalupak egiteko erabiltzen dira. Gaurregungo "Las Bardenas" lehen harizti handia zela esaten da. "La Armada Invencible"rako erabili ziren itsasontziak egiteko moztu ziren eta ez zuten berriro landatu.
*  Bere egurra erregai ona da, burdinoletan erabilia.

   HABITATA eta HEDAPENA:   
*  Zuhaitz hauen basoak hariztiak dira
*  Europako da jatorriz, eta, garai batean baso handiak baziren ere, desagertuz joan dira.
* Baso mistoetan. Lautadetan eta mendi baxuetan. Ibai handien depresio ingurutan ugari ugari. Baita ureztatzeko erreztasuna dagoen lekuetan ere.
* Karrantzan haritz anitz daude. Toki guztietan nagusitzen diren zuhaitz mota bat da. Karrantza Haranan harizti anitz daude toki aproposa delako.
* Giroa zenbat eta hezeagoa izan, orduan zuhaitz haundiagoak (haritz haundiagoak preziatuagoak dira) izaten dira. Zeren eta zuhaitz altuagoak gero eta hosto haundiaagoak izateko aukera dute eztasuna dagoen lekuetan ere.

     Aingeruk ezkur mordoa erakusten digu El Suceson     


   ERAGINA GIZARTEAN:   
*  Haritza sendotasun eta iraunkortasunaren ikurra da.
* Haritza Erresuma Batua, Alemania eta Ameriketako Estatu batuen herri zuhaitza da, baita Euskal herriaren ikur garrantzitsua; Gernikako juntetxean dagoen haritza Euskal Herriko zuhaitzik ezagunena dela. Haritza euskaldunontzat zuhaitz esanguratsuenetakoa izan da, benetako sinboloa.
*  Gotzon Garateren atsotitza famatua: "Haritz handia, gerizpe handia".
      Karrantza aldean ateratako haritz argazkiak     
     IPUINA:     
Behin batean, baserritar bat joan zen artotza ikusten ere haritz handi baten azpian jesarri zen. Artasorora adi zegoela, kalabaza handi bat ikusi zuen arto artetik landara irtenda. Pentsakor zegoen eta badio berekautan:
-- "Nola liteke hau? Arto artean kalabaza-hazi txiki bat erein nuen eta aitu zelako kalabazatzarra atera zaidan. Haritz handi honek ordea, nola dituen baino ez da hain ezkur txikiak?"
Munduan gaizki eginda zegoela pentsatzen zegoela, klassk! Gerizpe eta babes handia ematen zion haritzaren ezkur bat erori eta buru-buruan jo zuen baserritar filisofoa. 
-- "Ene!" - pentsatu zuen oraingoan. 
-- "Ez, mundua ez dago txarto eginik. Hara, ezkurra egon den  tokian kalabaza handi hori  egon izan balitz, nireak egin zuen!"
      Internetetik  hartutako irudiak     
   
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...