sábado, 2 de enero de 2021

Bertsolaritza (IV) XIX: mendeko bertsolari gogoangarriak


PASTOR IZUELA

Jaiotza: 1780an, Aian

Heriotza: 1837an, Aian


Pastor Izuelak XXI, mendearen hasierako bertsolari ezagunenetarikoa da. Agustin Arruti Larragoien benetako izena, «Pastor Izuela» izenez ere ezaguna.

Bertso-gaitasun handien artean, memoria paregabea omen zuen. Historiaren istorioek gorde dutenaren arabera, Izuelak parte hartutako bertso-gudu batean Urdanetako bertsolaria aurkariarekin berdinduta gelditu zen. Garaile bakarra izan asmoz, epaileek saioko bertso oro berriz kantatzeko agindu zieten bertsolariei eta Pastor Izuelak lehenago botatako 50 bertsoak kantatu omen zituen berriz. 

Aro honetan ere koka genezake Nafarroako Bertsolaritzaren lehen aztarna, Martin Olaetxeak 1830ean kantatuko bertso bati esker. Edozein kasutan, bertsolaritza nafarra ez da "ofizialki" 1936. urtera arte agertuko, Euskal Herriko Txapelketara arte, hain zuzen ere.

Bertsolaritzaren historian ezagutzen den lehen bertsolarietako bat da Izuela artzaina. Gerora, herrian oso errotuak geratu dira haren ateraldiak, eta herri ipuinetako pertsonaia bihurtu da. Ezaguna da, besteak beste, Txakur gorri txikitxo bat izeneko bertso saila hark jarria. Antonio Zabalak jaso zituen Izuela Artzainaren bertsoak Pastor Izuela / Ezkioko ta Segurako itxuak izeneko liburuan.

"ETXAHUN", Piarres Topet Etxahun
Jaiotza: 1786ko uztailaren 26an, Barkoxe (Zuberoa).
Heriotza. 1862ko urtarrilaren 7an, Barkoxe (Zuberoa).


Pierre Topet, goitizenez Etxahun, bertsolariaren bizitza patu tragiko baten pean bizi den poeta erromantikoaren irudira egokitzen da. Bizitza gorabeheratsua izan zuen. Izaeraz, jaio zen maila sozialaren aurka bizi izandako pertsona dugu, hitz batetan esanda: korapilatsua.

1786an jaio zen Barkoxen, ez dago garbi, hala ere, zein izan zen egilearen jaiotza-data. Hogeita bi urte bete zituen egunean ezkondu zela esaten du egileak, baina ezkontza agiri bi dira: zibila eta elizakoa, eta data desberdinetan izan ziren (ezkontza zibila uztailaren 26an, eta elizakoa irailaren 27an). Etxahunen eliza-ezkontzari Jean Haritschelaharrek sinesgarritasun handiagoa eman dio, elizako ezkontzak itzal handiagoa izaten baitzuen Etxahunen sasoian.

Bertso-egilearen haurtzaroaz oso gutxi dakigu, hain zuzen ere "Etxahun bizitzaren kantorian" esaten duena baino ez. Egoera txarrak jasan behar izan omen zituen: gosea izan zuen, gaixo zebilen, ez zen lanerako gai, eta etxeko guztien zigorra jaso izan omen zuen. Etxahunek bere buruaz egiten duen deskripzioak agerian uzten du egileak bere buruaz agertzen duen errukia, eta besteekiko joera erretxina. Junes Topet eta Engraxi Etxahunen seme bakarra, arreba bat zuen: Majiena. 

Gaztaroaz gehiago dakigu, Jean Haritschelharren doktorego ikerketari esker. 17 urterekin, sendiak Larrauneko Marie Rospide eraman zuen, etxeko lanez ardura zedin. "Ahaire delizious huntan" poema gertakizun hari eskainitakoa da. Maitemindu egin zen egilea, eta 1805ean jaio zen haren semea. Hala ere, jaiotza-agirian aitaren izena ezabaturik azaltzen da, familiak harremana ongi ikusten ez zuenaren seinale.

1805a garrantzi handikoa izan zen Etxahunentzat. Maria zerbitzariarekin ezkontzeko aukera zuen, baina horrek herentzia galtzea ekarriko zion. Etxahunek bost baserriren jabe izateko modua zuen: 2 aitaren oinordetzan, eta hiru osaba eta aitapontekoaren aldetik. Beraz, 1806ra arte Mariarekin bizi izan bazen ere, apirilean aitak senipartea ukatzea -eta Jose anaia oinordeko izendatzea- erabaki zuen arte, Etxahunek emaztea utzi eta senideen borondatea betetzera makurtu zen. Ondoren, Engrace Palento emakume aberatsa gorteiatzen hasi zen, eta harekin ezkondu zen. Poemetan ez da garbi azaltzen zer gertatu zen bikotearen artean; hala ere, Etxahunek poemetan emazteak zorigaiztoa ekarri ziola dio; dirudienez, ezkondu zenerako Palentok bazuen maitale bat, ezkondu ostean utzi ez zuena. Etxahun eta Engraceren arteko elkarbizitza oso gogorra izan omen zen; 1827an banandu egin ziren, sei seme-alabaren guraso zirenean.

Etxahun ezkondu eta urtebetera, Etxahunen aitapontekoa hil zen.

Baina bertso egilearen harridurarako, ez zen bera izan oinordekoa, Jose anaia baizik. Denbora gutxi igarota, baina, Josek Napoleonen armadara joan behar izan zuen, eta Espainian bizia galdu zuen. Ondorioz, Etxahunen sendian pleitoak sortu ziren aitapontekoaren hiru baserriak banatzeko. Epaiak ondarearen laurdena eman zion sendiari, eta gainontzeko hiru laurdenak beste senitarteko batzuen esku utzi zituen. 1818an ama hil zitzaion Etxahuni, eta haren ondarea anaia-arreben artean banatu zuten.

1821ean, Etxahunen emazteak harreman bat hasi zuen auzoko zuten Hegiapahl izeneko gizon batekin. Bada, urte bereko urrian Etxahunek borroka latz izan zuen beste gizon batekin: emaztearen amorantea zelakoan aizkorarekin jo zuen buruan. Epaian 5 urteko kartzela zigorra ezarri zitzaion Etxahuni. Kartzelan egon zen artean emazteak lurrak saldu behar izan zizkion Etxahunen anaiari, tasatutakoa baino merkeago. Salmenta eragozteko-edo, Etxahunek kartzelatik ihes egin zuen.

1827an, Barkoxen zelarik, maiatzaren batean Dominique Etchegoyen tirokatu zuten erromeriatik itzuleran. Herriko zurrumurruen arabera, Etxahunek egin zion tiro Etchegoyeni, emaztearen maitalea akabatu nahi zuela-eta gaua izanik egin zuela. Etxahunek, gainera, ihes egin zuen mendira, eta horrek ez du esamesek diotena indartu baino egiten. Hala ere, urte hartako abuztuan, epaitu zutenean, dena kontra izanda eta heriotza zigorra eskatu bazuten ere, Etxahunek eroarenak egin zituen, eta errugabetze-epaia lortu zuen. Epaiketa bukatu zenean, txirotasunean zegoela konturatu zen: abokatuari ordaintzeko etxea hipotekan eman behar izan zuen, eta, orduan, Erromara erromes joatea erabaki zuen. Itzultzean etxeak berreskuratzeko auziak hasi zituen, eta badirudi emaztearekin adiskidetu zela.

1832tik 1840ra artekoak izan ziren Etxahunen urterik zoriontsuenak: bertso-egile gisa ezagun zen, eta euskal burgesiakoen ezkontzetara gonbidatzen zuten bertsoak jartzera. Dena den, Etxahunen ustezko oinordetzako hiru etxeak Jean anaiarenak ziren, eta horiek eskuratu nahian iruzurra egin zuen Etxahunek: bera eta Jean zela zioen gizon bat notario baten etxean aurkeztu ziren eta etxeen salmenta iruzurtu zuten. Handik hamabost hilabetera, notaritzan egindako paperarekin agertu zitzaion Jean anaiari, etxeak eta lurrak eskatuz. Jeanek auzia jarri zion, eta ondasunak galtzeko beldurrez, Etxahunek lurrak semearen izenean jarrita Espainiara alde egin zuen, ustez Santiagora erromes joateko asmoarekin.

Etxeen inguruko azpikeriagatik 1843an epaitu zuten: hamar urteko lan-zigorra ezarri zioten. 1845ean Etxahunen ondasunak saldu egin zituzten zorrak kitatzeko. Urte horretan itzuli zen Etxahun Barkoxera. Bada, orduan ere berriz epaitu zuten. Baina Etxahunek, bigarrenez pelegrin eroaren papera jokatu zuen epaitegian eta hamar urteko kondena hirura jaistea lortu zuen. Ondoren, Landetako Gortera jo zuen, han ere pelegrin arriskutsuaren papera jokatu zuen, urte bira jaitsi zioten hasieran hamar urtekoa zen kondena. 1846ko otsailean sartu zen kartzelan eta 1847ko abenduan irten zen.

Herrira itzulitakoan artzain-lana egitea izan zuen asmotzat, baina 62 urte zituen eta zaharra zen horretarako. Aurretik utzitako ondasunak berriz eskuratzeko, semea epaitegira eraman zuen. Ondasunik ez, baina 150 frankoko pentsioa atera zion. Hala ere, horrekin ez zuen bizitzeko lain, eta bertso-paperak saltzen hasi zen. Agustin Txahoren politikaren aldeko propaganda egin zuen. 1850. urtean esperientzia latza izan zuen, iloba batek zuen guztia lapurtzeko asmoz tirokatu nahi izan zuen; tiroak irten ez, pistolaz buruan jo, eta begi bakar utzi zuen. Geroztik txirotasunean, eskeko gisa, ibili zen Zuberoan.

1853. urtean lehen Lore Jokoetara aurkeztu zuen poema bat, baina ez zioten aipamenik egin. 1856. urtean Santa Garazin egon zen eskola-maisu. 1857. urtean semerik gazteenak etxean hartu zuen, Eskiulan. 1861. urtean itzuli zen berriz etxera, Barkoxeko Etxahuniara. Baina, ordurako, asmak jota zegoen, eta sutondoan igarotzen zituen egunak. Heriotza hurbil zuela ikusirik, penitentzia egiteko asmoz-edo, eta abadeak horrela agindu ziolako, bertso paperak erre zituen. 1862ko urtarrilaren 17an hil zen.

Dagokigun egilearen poesia hiru ataletan banatzen du Jean Haritschelharrek:

1. Minaren poesia. Poema autobiografikoak dira, eta egileak bere barne-mina adierazten du. Talde honetakoak dira, esaterako, "Mundian malerusik", "Bi berset dolorusik", "Urxaphal bat".

2. Gorrotoaren poesia. Poema manikeoak dira talde honetakoak, egilearen barne-mundua eta besteen aurkako jarrera kontrajartzen ditu Etxahunek. Gisa horretakoa da "Etxahunen bizitzaren kantorian".

3. Omenezko poemak. Zuberoako gizon prestuen omenez egindako poemak dira sail honetakoak.

Etxahunen lanek arazo teoriko bi jartzen dituzte begien aurrean: lehenik, erromantizismoarena; eta, bigarrenik, bertsogintzaren eta poesiaren arteko marrarena.

Lehenengo gaiari buruz, honela idatzi du Iñaki Aldekoak, mugimendu horrek idazle Zuberotarrarengan izandako eragina ukatuz:

"'Romántico sin saberlo' como lo definió J. Haritschelhar, no disimula su deuda con la lírica amatoria tradicional [...] y sus composiciones autobiográficas de tono elegíaco [...] no contienen la nota de desafío y de rebeldía metafísica que caracterizó al Romanticismo europeo. Es decir, el sentido del mundo del bersolari suletino carecía de aquel ingrediente de idealismo exaltado -o, en su caso, de rebeldía desafiante contra el destino- que transmutaba el desasosiego de la vida en pasión solitaria y en afirmación del personalidad" (2004, 87).

Bigarren arazoa lehenengoa baino konplexuagoa da, eta, beraz, ez da artikulu honetan askatzeko modukoa. Baina badirudi bersolari/poetaren arteko desberdintasun marra garai haietan idazlearen maila kulturalarekin eta lanen zabalkuntzarako aukeraturiko bideekin loturik zegoela. XIX. mendean bertsolarien gaiak haien barne-munduarekin eta sentimenduekin oso loturik zeuden. Beraz, poetek darabilten mundu-ikuskera eta estilo-joera oso erraz lotu daitezke erromantizismoarekin. Baina, badirudi lana ahozkotasunarekiko duen loturak definitzen duela, batez ere egitura eta ahozkotasunaren marka zehatzei dagokienekiko. Zentzu horretan, Etxahunen kasuan, poetaren eta bertsolariaren arteko haustura azaltzen da.



ETXAHUNen bertso batzu:
Urxapal bat
Mundian malerüsik
Bi ahizpak
Bi bertset dolorüsik
Gaztalondo handian
Ofizialarenak
Maria Solt eta Kastero



"BILINTX", Indalezio Bizkarrondo Ureña
Jaiotza: 1831eko apirilaren 30ean, Donostian.
Heriotza: 1876ko uztailaren 22an, Donostian.

Biografia:
Amaren aldeko aitona andaluza omen zuen, Ayamontekoa (Huelva). Nikolasa Erkizia Makazaga azkoitiarrarekin (1869) ezkondua. Haurra zelarik, jolasean zebilela erori eta aurpegia itxuraldatua geratu zitzaion; hortik datorkio "Moko" izengoitia. Beranduago zezen batek harrapatu eta adarrekin hankak zeharkatu zizkion. Arzuaga zurgindegian egin zuen lan ; gero Antzoki Zaharraren (Printzipal Antzokia) zaindari edo kontserje izan zen. Bere establezimendu txikitik aurreztuta zituen 8.000 erreal lapurtu zizkioten.

Azkoitiko Nicolasa Erquicia Macazaga andrearekin ezkondu zen. Bizcarrondok 1857-1858 urte inguruan idatzi zituen maitasunezko lehen bertsoak. Bigarren karlistadan Donostiako liberal boluntarioen batailoiko konpainian sartu zen boluntario modura.

 
1876ko urtarrilaren 20an, karlistek botatako granada bat bere gelara sartu eta bi hankak suntsitu zizkion. Sei hilabetez sekulako sufrikarioa bizi ondoren uztailaren 22an hil zen, euskal foruak baliogabetu zituzten egun berean.

1884ko otsailaren 6an, Victoriano Iraola zinegotziak mozio bat aurkeztu zuen Donostiako Udalean, Principal Antzokiaren iparraldetik kale Nagusia eta Lasala plazatxoa batzen dituen kaleari Bilinch izena jartzea eskatzeko.

Poeta modura satira umoretsuaren -Michelenaren arabera- eta sentimendu delikatu eta bizien maisua izan zen. Bertso bikainak idatzi zituen -hala dio iruzkingileak-. Poetek oso barneko aitorpen orotatik ihes egiten dute lotsatuta, umilagarria eta penagarria dela irizten baitute, Bizcarrondok, ordea, literatura molde hori darabil. Poesia politikoari dagokionez, herriaren saminaz zipriztindutako konposizioek duten garra dutela esan daiteke.

BILINTXen bertso jarri ezagunenak:
Behin batian Loiolan
Domingo kanpaina
Juana Bixenta Olabe
Juramentua
Kontxexirentzat
Loriak udan ihintza bezela
Potajiarenak
Pozez ta bildurraz
Triste bizi naiz eta
Zaldi zuriarenak

Behin batean Loiolan euskal kanta herrikoi bat da, Bilintx bertsolari eta olerkari donostiarrak egina. Abestiaren haria Donostiako Loiola auzoko jaietan gertatzen da, non gizon batek, kantaria bera, gorte egiten baitio gutiziatzen duen neska bati. Gizon hori Bilintx bera da; izan ere, bertsolari horrek berari gertatutakoei buruzko bertsoak idatzi ohi zituen.

EGAN talde azpeitiarrak abesti honen moldaketa ederra egin zuen, beharbada bertsio guztietan ospetsuena. Horretarako, Jon Denver estatubatuar flok abeslariaren "Annie's Song" kantaren doinua gehitu zien Bilintxen jatorrizko bertsoen hitzei.

Behin batean Loiolan
erromeria zan,
hantxen ikusi nuen
neskatxa bat plazan;
txoria baino ere
arinago dantzan;
huraxe bai polita,
han politik bazan!

 

Esan nion desio
senti nuen gisan,
harekin hizketa bat
nahi nuela izan;
erantzun zidan ezik
atsegin har nezan,
adituko zidala
zer nahi nion esan.

 

Arkitu ginanian
inor gabe jiran,
koloriak gorritu
arazi zizkidan;
kontatuko dizuet
guztia segidan,
zer esan nion eta
nola erantzun zidan.

 

"Dama polita zera,
polita guztiz, ai!
baina halare zaude
oraindik ezkongai,
ezkon gaitezen biok!
esan zaidazu bai!"
"Ni zurekin ezkondu?
ni zurekin? jai jai!"

Egan taldearen "Behin batean Loiola" abestiaren bertsioa entzungai.


Triste bizi naiz eta
Ilko banitz obe;
Badauzkat barrenian
Zenbait atsekabe.
Dama bat maitatzen det;
Baña aren jabe
Sekulan izaiteko
Esperantzik gabe."

Batzuentzat, BILINTXen testu antologikoa da "Neskatxa bati mutill batek jarriak":

Goguan izango det
bai gaurko eguna,
berriro biyok alkar
ikusi deguna;
auxen da ditxa eta
auxen da fortuna,
zergatikan zu zeran,
maitetxo kutuna,
nere asnasia ta
nere osasuna.

Egiyazko amoriyoz
nai dizutalako,
zugatik pasatzen det
naibagia franko;
oraiñ au poza bistan
zaukazkitalako!
Aspaldiyan ikusi
ez ziñdutalako,
ura bildurra nekan
miñ zenubelako!

Nere biyotzak o zer
poza duben artu!
Onen golpiak eziñ
ditut aguantatu;
bere lekutik dabill
nayian faltatu,
kanpora irten ez dediñ
biar det kalkatu,
gaxuak zuregana,
nai luke saltatu!

Au nere zoramena
zutzat gustatuta,
bildur naiz gera nadiñ
burutik galduta;
ainbesteraño nago
enamoratuta,
nai badezu, oñetan
belaunikatuta,
adoratuko zaitut,
agindu zazu-ta.

Zer ote da graziyan
norbait erortzia!
Zu zerala meriyo
ai au erotzia!
Frankotan gertatu zait
gogora etortzia
kanpan-torrian gora
korrika iyotzia
ta zure alabantzan
kanpanak jotzia.

Nik eziñ xinistu det
zuk esan dezula
nere amoriyua
dudan dakazula;
arren, orlakorikan
pentsa ez zazula,
eta nai det seguru
jakiñ dezazula
beti bezela zure
mende nakazula.

Fiñ nabillen edo ez
ez zaudezen dudan,
ara zer juramentu
egingo dizuran
aiñ amoriyo aundiz
nola zu zaituran,
maitatzen baldiñ badet
besterik sekulan,
ez dezatala izan
parterik zeruban.

Zure graziyetara
oso zoratuba,
biyotza sentitzen det
enamoratuba;
ni bizi naizen arte,
baratz loratuba,
dizdizara klarozko
izar doratuba,
ez zaizu faltatuko
nork adoratuba!

Ala dirurizu ta
zaukazkit loretzat,
baratzakuak baño
oraindik obetzat.
Norentzako zera zu,
loria, norentzat?
Ez zenuke izan biar
beste norentzat,
baizikan biyotzetik
nai dizun onentzat!

Lengo egun batian,
ai, San Antoniyo!
doi-doi egiñ zeniran
kalian ariyo;
badakit, sobra dakit
zer dala meriyo
errezibitzen nazun
orlako seriyo
zuk asko merezi ta
nik gutxi baliyo!

Aguro ezkontzeko
dakat animua,
bakarrik aspertu naiz,
biat arrimua;
obran zurekiñ jarri
nai nuke asmua,
bara, zumo gozodun
marrubi umua,
zu nere miñarentzat
zera balsamua.

Aditzera detanez,
dama begi alai,
zure ondoren dabill
makiña bat galai;
bañan aietakorik
ez omen dezu nai;
bara ni nai banazu
izan zuk senargai,
konformatzen al zeran
esan ez edo bai.

Bañan ikusten zaitut
erantzun nai ezik,
baietzik esan gabe,
ain gutxi ezetzik;
orla gelditutzia
egin bage itzik,
ezin pentsa nezake
dala beste gauzik,
senartzako artu nai
ez nazula baizik.

Senartzat nai al nazun
egon naiz galdez ta,
ez nazu baietz esan,
ezetz ere ez-ta;
ori zuk ez dirazu
nai esan itzez ta,
beste modu batera
baliya zaitez ta,
igual da ematia
kartaz errespuesta.

Baldiñ ez banaitzazu
sartutzen gogora,
ez det asko pasako
erriyan denbora
paraje abetatik
juango naiz iñora,
egun gutxiren barrun
betiko kanpora,
Buenos Aires'a edo
Montevideo'ra.

Au nik diyot:
Ez dakit zer esaten
ziyon errespuestan,
baña nola mutilla
Donostiya'n ez dan,
falta zan egunetik
pasa diranetan,
onezkero sartu da,
nere kontubetan,
Montevideo'n edo
Buenos Aires'etan.


XENPELAR", Juan Frantzisko Petriarena Berrondo
Jaiotza: 1835eko ilbeltzaren (urtarrila)  13an, Errenterian.
Heriotza: 1869ko abenduaren 8an, Errenterian.

Biografia:

"Zalantzak daude, Xenpelar Oiartzunen edo Errenterian jaioa ote den. Oiartzunen bataiatu zuten baina Errenterian bizi izan zen, errenteriartzat jotzen zuten bere garaikoek; hil ere, Errenterian hil zen. Xenpelar izengoitia nondik datorkion jakiteko, berriz, XVIII. mendearen bukaera eta XIX.aren hasierara jo behar dugu: garai horretako gerrateek udalak oso zorpetuta utzi zituzten eta beharrak eraman zituen udal ondasunak, basoak batez ere, saltzera. Errenteriako Udalarena zen Senperelarre edo Senperenlarre saldu zutenetako bat zen. Erostuna: sortzez Sunbilakoa, baina Oiartzunen bizi zen Juan Kruz Petriarena, Xenpelarren aitona.

Bost anai-arreben artean hirugarrena zen Xenpelar. Senperelarre ez zen baserri aberatsa: sagasti politak bazituen, baina hainbeste laguni jaten emateko adina lur ez. "Xenpelar" Egurrola baserrira bidali zuten, osaba-izebengana, eta mandazainak zirenez, zeregin horretan ez ezik oteketan ere lagundu behar izan zuen, Senpelarrera bueltatu zen arte. Handik gutxira ere, industrializazio garaietan, baserria utzi eta ogibidea irabaztera jo bide zuten hiribildura eta Madalen kalean jarri bizitzen ama, Jose Mari, Mª Luisa senideak, eta Xenpelar bera. Etxe horretara ezkonduko zen Xenpelar 1859ko abenduaren 22an Maria Josefa Retegi Mitxelenarekin, eta bertan izango hiru alabak. 

Xenpelarri egokitu zitzaion gure gizartearen eraldaketa sakonenetakoa bere hezur-haragietan bizi izatea: baserri girotik industrializaziorako jauzia. Alde horretatik ere, Xenpelar bi munduren arteko zubia eta batura dugu. Xenpelarrek eta arreba Maria Luisak liho fabrikan egiten zuten lan.

1869an baztanga zabaldu zen Errenterian eta Xenpelarren etxeraino ere iritsi zen. Lehenik emaztea eraman zuen, Maria Josefa, 1869ko urriaren 25ean, 35 urteak bete berriak zituela. Bertsolaria ere ez zen izurriaz libratu. Arreba Maria Luisa lau urteko alabatxo Joxepa Antoni senarrarekin utzi eta anaia eta ilobatxoak zaintzera joan zen, bere bizia eta sabelean zeramanarena arrisku gorrian jarrita. Xenpelar 1869ko abenduaren 8an hil zen, 35 urte bete gabe, eta egun berean jaio Daniela, Maria Luisaren alabatxoa. Egun gutxi egin zituzten bizirik ama-alabek: Daniela abenduaren 17an hil zen, eta Maria Luisa 18an; biak baztangaz. Harrigarria da egoera hartan Xenpelarren hiru alabatxoak ez hiltzea. Aita Zavalak jaso duenez, 1869ko urriaren 10etik 1870eko urtarrilaren 17ra baztangak 29 lagun eraman zituen Errenterian."

--Familia bertsolaria--
"Xenpelarrek berezkoa zuen bertsozaletasuna eta mutil koskorretatik hasi zen erakusten hartarako trebetasuna. Umetan oteketan ari zela makina bat bertso kantatuak zituen. Familian ere bazegoen bertsolaririk. Gertuenak, arreba Maria Luisa eta alaba Joxepa Antoni. Gehiago ere bai: Juana Joxepa Bengoetxea Oiartzabal Andre handia errenteriarra (1861-11-22/1943-09-06), Jose Frantzisko Petriarena Retegi, Xenpelarren ilobarekin ezkondua, bertsotan aritzen zen. Xenpelarren garaikide Jose Antonio Bengoetxea Lekuona Ardotx bertsolari oiartzuarra (1826-1878) ere osaba zuela dioenik bada."

Ekoizpen oharrak:

Xenpelarren garaia arte bertsolaritza bat-batekotasunarekin, plaza eta sagardotegiarekin lotuta dago. Eta Xenpelarrek ere giro hori bizi du: plazako bertsolarien arteko lehia, desafioa, herrietako jaietako ospakizunak... Horrela aritzeko belarria eta eztarria gutxienez beharko; eta besterik ere bai: entzuleekin bat egiteko bizitasuna, buru-argitasuna, umorea... Xenpelarrek hori ez ezik beste gaitasun bat ere bazuen: musika, doinuak asmatzekoa. Hitzen eta doinuen berrikuntza beregan batu zituen. Horren lekukoa badugu. Xenpelar gaztea zela, norbaitek (Bilintx? Iparragirre?) erronka jo omen zion Xenpelarri ez zela gauza musika sortzeko. Xenpelarrek, berriz, bertsotan erantzun, eta berak asmatutako doinua erabilita. Orduz gero, doinu horri «Iparragirreren doinua» esaten zaio eta oso ezaguna da euskal herri guztietan. Beharrik, Makazagak partitura jaso zuen.


Baina Xenpelarren bizialdian bertsoak hedatzeko beste bide bat irabaziko du, ahozkoaren ondoan: idatziarena, hain zuzen ere. Lehen Karlistalditik hasi (1833) eta 1936ko gerratea arte bertso-paperen nagusigoa da, eta horretan ere Xenpelarren izena gailentzen da. Bide honetaz barra-barra baliatzen den lehen bertsolaria da. «Bertso berriyak, Xenpelarrek jarriyak» esamoldea finkatuta geratu da gerora; hain uztartuta agertzen dira bertso idatziak eta bertsolari errenteriarra. Paradoxa dirudi seguru aski idazten jakingo ez zuen pertsona aitortzea bertso-paperen, bertso idatzien ordezkari nagusia.

 


"BORDEL", Jean Etxamendi Larralde
Jaiotza: 1792ko urtarrilaren  7an, Luzaiden.
Heriotza: 1879ko maiatzaren 30ean, Luzaiden.

Ospe handia izan zuen Lapurdin eta Nafarroa Beherean ondu zituen Mendekoste bestetan, Ene Andregaiari, Ene izpirituan bazen zenbait bertsu eta beste bertsoei esker.
 
Bere izena maiz aipatzen zen Otxalde eta Etxahunekin batera. Liberala, erlijiosoa eta antimonarkikoa izan zen, XIX. mendeko gerlak eta triskantzak ezagutu zituena. Bizikera gogorrak izan zituen Donostiako gazteluan soldadu zela. Horren berri eman zigun bere bertso minberetan. Zoritxarrez, bere bertso anitz galduak dira, eta salbatu direnak Luzaiden bikario izan zen Jose Maria Satrustegi apaiz ikertzaileari esker. Ikus dezagun:

Biografia

Bordelia izeneko etxean, hortik etorri zitzaion Bordel edo Borddel izengoitia. Etxe hau herriko hamalau etxe zaharrenetako bat omen zen. Aita Pedro Etxamendi Gaztanbide zuen eta ama, Josefa Larralde Auzki. Aitaren aldekoak baxenafarrak ziren, Mendibe herrikoak eta Auzki familiakoak ziren Bordelia etxeko berezko deitura zeramatenak. 


Frantziako Iraultzaren urteak ziren, eta 1793ko apirilaren 25ean, frantsesek herria hartu eta su eman zioten. Luzaidarrek alde egin behar izan zuten eta inguruetako herrietan aterpetu  ziren. Joan Etxamendi urte bateko haurra zen garai hartan. Badirudi Etxamendi familia Auritz eta Erroibarren artean ibili zela aterpeturik. Hiru urteren buruan herrira itzuli ziren, gainerako luzaidarrekin batera, baina ez zuten etxe bat ere zutik aurkitu, den-denak kiskalita baitzeuden.

Horrela izanik, herriko etxe guztiak berreraiki behar izan zituzten eta etxamenditarrek, urte askoren poderioz, Bordelia berritu eta berriz bizitzeko moduan jarri zuten. Lan horietan zirela, hazi eta koxkortu  zen Joan Etxamendi. Senideek ostatu batean lan egiten zuten arren, berez laborariak ziren, baita Joan Etxamendi ere, laboraria bizibidez eta bertsolaria zaletasunez. Arnegiko Baxoa auzoko Joana Harrietekin ezkondu eta lau seme-alaba munduratu zituzten: Aña Koxepa, Frantzisko, Maria eta Migel. Aña Koxepa Eiheralarreko Arrosagarai deiturako mutil batekin Bordelera ezkondu ziren, eta orduz geroztik Arrosagarai abizenekoak izan ziren bertako seme-alabak.


Bordel gazte-gaztetik hasi zen bertsotan, bat-batekoetan eta baita bertso-paperetan ere. Laster ospe handia bereganatu zuen bai Nafarroa Garaian eta bai Baxenafarroan. Iparraldean Otxalde eta Etxahunekin batera ibili omen zen eta punta-puntako bertsolaria zela erraiten da. Bertso anitz egin bazuen ere, gehien-gehienak galduak dira, eta salbatu direnak Luzaiden bikario izan zen Jose Maria Satrustegi apaiz arrazuarrak bildu eta plazaratu zituen, Auspoa argitaletxearen bidez, 1965ean argitaratu zuten Bordel bertsularia izeneko liburuan.


Manex Etxamendi ezterenzubitar bertsolaria (1873-1960) sendikoa zuen eta jakin badakigu, 1958ko apirilaren 27an, Donibane Garazin omenaldia egin ziotenean izen bereko ilobak, hau da, Manex (edo Joan) Etxamendi Larraldek  osabaren omenezko bertsoak bota izan zituela, zoritxarrez galduak direnak. Bestalde, aipatu beharra dago Juan Kruz Arrosagarai, Bordel II.a deitua izan zena, birbiloba zuela eta etxe berean sortua eta hazia zela.


Gizon erlijiosoa eta sinesmen handikoa izanik, Joan Etxamendi liberala ere bazen - Luzaiden anitz ziren bezala -, antimonarkikoa  hasieran eta antikarlista gero. Hori oso kontuan hartzekoa da, bere bizitzan izandako ibilerak eta egindako bertsoak ulertu ahal izateko. 1879ko maiatzaren 30ean zendu zen, 87 urte zituela.


Bordel soldadu Donostiako gazteluan

1823ko apirilaren 7an, Frantziako Luis XVIII. erregeak igorritako armada boteretsuak Bidasoa ibaia zeharkatu zuen. Angulemako Dukea zen agintari nagusia eta haien xedea  Espainiako gobernu liberala kentzea eta haren ordez, Fernando VII.a Madrilen errege ezartzea. Armada hau historian ezaguna da San Luisen ehun mila semeak ezizenaz. Apirilaren 9an, hau da, bi egun berantago, Oiartzunen Espainiako Errege Junta eratu zuten. Handik zenbait egunetara Gasteiz hartu zuten eta maiatzaren 24an Madrilen sartu ziren. Espainiar gobernu liberala Cadizen zegoen eta urriaren 1ean aipatu hiria hartu zuten. Donostia hesitu bazuten ere, ez zuen amorerik eman irailaren 27ra arte. Frantsesak urriaren 3an sartu ziren eta bertan izan ziren 1828ko maiatza arte.


Gerla honetan kokatu behar dugu Bordel bertsolari luzaidarra. Enrike Zubiri Manezaundi  (1868-1943) Luzaiden sortutako idazle eta artikulu-egile oparoak herrikide zuen Bordeli buruz zehazkizun biografiko anitz idatzi zituen. Erran daiteke bera izan dela Bordelen biograforik onenetako bat. Manezaundik idatzi zuenez, 1822. urtean, Espainiako Gobernuko liberalek Luzaideko gazte multzo bat hartu eta bortxaz, Donostiako gaztelura soldadu igorri zituzten. Horien artean zeuden Bordel bera eta bere anaia gazteago bat. Hor zeudela frantsesak Gipuzkoan sartu ziren eta Donostia hesitu. Hortxe barruan ziren mutil luzaidarrak agintaritza liberala defendatuz.


Hor ikusi eta jasan zituenak ikaragarriak izan ziren eta hori dena kontatuz Donostian soldado izeneko bertso sorta landu zuen. Osora hogeita hamar bertso ditu eta balore autobiografiko handikoak dira. Antonio Arruek, Donostiako Camino Historia Batzordearen bitartez, liburuxka bat plazaratu zuen 1971. urtean, gertatu zena kontatuz eta iruzkinduz. Aipatu liburuak El bertsolari Bordel en el castillo donostiarra1823 ( Bordel bertsolaria Donostiako gazteluan, 1823) izena du.


Lehen bertsoan urtearen berri ematen digu: 

Mila zortzi ehun eta  

hogei ta hirurian 

zerbitzuan ginauden  

Donostia hirian  

liberalitateko 

bandera berrian. 

Hartatik desertatu 

inozentkerian, 

miserable erori 

etsaien erdian.  


Bertso honetan kontatzen digu liberalen bandotik desertatu zuela.


Bigarren bertsoan honela jarraitzen du eguna eta ordua zehaztuz: 

Hura zen ekainaren  

hamabigarrena 

gauazko bederatziak, 

partitzeko orena; 

Konda ahala bana 

gehiago du pena; 

Sofritzia ere ahal da 

hala dabilena, 

etsaiaren esklabo 

munduko abilena


Beraz, 1823ko ekainaren 12an, gaueko bederatzietan desertatu zuten eta ihesari ekin zioten.


Hirugarrenean zenbat ziren ihesari ekin ziotenak eta nondik abiatu ziren kontatzen digu: 

Murraila pian sartu 

bederatzietan, 

kanale bati barna, 

atera errestan. 

Bederatzi baginen 

konpainia hartan, 

zenbaitek malezia 

zuten beren baitan, 

deklaratzera nua 

aski doloretan


Beraz, bederatzi lagun ziren, gaueko bederatzietan, harresi azpiko zulo batetik sartu eta arrastaka ihesari ekin ziotenak.


Baina tamalez, beraien artean bazen salatzaile bat, eta zulotik atera orduko frantsesak ziren beraien zain. Bi aldeetatik tiroka hasi zitzaizkien eta frantsesek, espioi liberalak zirelakoan, preso hartu zituzten. Hori kontatzen du 4., 5. eta 6. bertsoetan. Seigarrenean honela dio: 

Arribana baneza 

ongi manifesta, 

lastima ez laitenik 

konpainian ezta. 

Bi aldetarik tiroka 

gure errekesta, 

kosta haize bateki, 

lur barna tenpesta, 

han ikusi ginuen 

terribleko besta.


Egun berean Hernanira eraman zituzten eta ekainaren 13an Tolosara. (13. bertsoan). 16. bertsoan Donostian ziren soldadu liberalek 1823ko maiatzaren 3ko gauean egin zuten hilketa handia aipatzen du: 

Utzi ginuenian 

Tolosa gibela,  

segur da bihotzian 

pena ginuela; 

Ordenatzen zaguten 

heriotze krudela, 

anitz pikarderia 

egin ginuela, 

Mitxelenaren plaza, 

behar ginuela


Aipatu gauean Donostiako Lamota gazteluko goarnizioko soldadu liberal batzuek Matias Mitxelena apeza eta San Telmo komentuko zazpi fraide erail zituzten eta ondoren Urgull menditik itsasoko labarretara bota.


Tolosatik Ordiziara eraman zituzten (17. bertsoan), gero Arrasatera (18. bertsoan), Arrasatetik Gatzagara (19. bertsoan) eta azkenean Gasteizera (21. bertsoan) Han gobernadoreak galdekatu zituen eta nafarrak zirenez gero, Iruñera bidali zituen bertan epaiketa egin ziezaieten. (23. bertsoan). Astotik mandora, Iruñeko juntan ziren nafarrak Erriberakoak ziren, mendialdeko nafar euskaldunak gorrotatzen zituztenak, traidore izatea leporatzen zietenak, eta ehun makil-ukaldiko zigorra agindu zieten. Honela kontatzen du 26. bertsoan: 

Nafarruako serbil 

Lepondo gorriak, 

Luzifer lotsa diro 

haren koloriak. 

Montañesak girela 

oro tridoriak, 

martier finitzeko 

emanez odriak. 

Arrasatu balitu 

Enperadoreak!


Bertsoan Bordelek aipatzen dituen Nafarroako serbil, lepondo gorriak, Errege Juntako Erriberako nafar erdaldunak ziren, mendialdeko nafar euskaldunei montañesak erraiten zietenak.


29. bertsoan eman zieten zigorra kontatzen digu. Preso hartutako zortzi mutilei ehun makilazo bizkarrean, bederatzigarrena, salatzailea izanki, libre utzia baitzen. 

Zortzira, ehun palo 

ordenatu zauten, 

duda niz halakuek 

arimarik bauten. 

Ez dakit nehork ere 

sinetsiko nauten, 

zenbat purgatorio 

erakutsi zauten! 

Bihotza trankilago 

bizi gira aurten


Manezaundik idatzi zuenez, eta Luzaiden kontatzen denez, Bordelen anaia gazteago bat zortzi mutil horien artean omen zegoen, osasunez makal samar zebilena. Bordelek pentsatu zuen halako zigor gaiztotik ez zela bizirik aterako eta berari berrehun makilkada emateko eskatu zion hango arduradunari. Eta horrela egin omen zuten. Bertsoetan Bordelek ez digu horretaz deus aipatzen.


Zigorra jaso ondoren, askatasunean utzi zituzten eta Luzaidera itzultzen utzi zieten. Hori kontatzen du Bordelek  azken bertsoan, hau da, 30.enean. 

Gure libertatia 

ongi etorri dela! 

Lehen ikusi dugu 

denbora krudela 

estima dezagula 

gure amodio fidela. 

Pena duten guziak 

kontsola ditela, 

atsegin duteneri 

egin guri bezala.


Badago kontakizun honetan ongi ulertzen ez den afera. Zergatik, liberalak izanki, desertatu zuten Bordelek eta beste mutilek, eta pasatu ziren monarkikoen alde borrokatzen ari ziren frantsesen aldera? Antonio Arruek bere liburuan  erraiten duenez, Bordelek eta gainerakoek bazeukaten gertatzen ari zenaren berri, eta bazekiten liberalek jadanik gerla galdua zutela. Horregatik garaileen aldera pasatzea erabaki zuten.


Bordelen beste bertso sortak

Bertso anitz egin bazuen ere, maleruski gehien-gehienak galduak dira eta gure egunetara iritsi direnak Jose Maria Satrustegik herritarren ahotik jaso zituenak ditugu. Hona hemen, Satrustegiren liburuan, modu kronologikoan antolaturik diren bertso sortak:
- Gurasoeri.
- Donostian soldado. (1823)
- Karlisten gerrako kantiak. (1838 edo 1839)
- Bihotza zeraut nigarrez urtzen.
- Barberaren koplak.
- Ene andregaiari.
- Mendekoste bestetan.
- Etxaundiko kantiak.
- Ayundamendukoak.
- Baigorriko hegalian.
- Ene izpirituan bazen zenbait bertsu.
- Luzaideko indemnizazioaren gainian.
- Aldudeko kantiak. (1864)
- Heriotz krudel bat. (1864)
- Limiten gainian. (1865)
- Napoleonen bertsuak. (1870)
- Bankako nexkatuak.
- Apezenak. (1876)
- Sortuz geroz guziek.
- Oroit gaiten guziok.

Hasieran erran dugun bezala, 87 urterekin hil zen Luzaideko bere etxean. Bere bizitzaren azken urteetan heriotzaren hurbiltasunaren aitzinean, biziki bertso sentituak egin zituen horren berri emanez. Hona hemen, amaiera gisa, Oroit gaiten guziok izeneko bertso sortaren lehena: 

Oroit gaiten guziok 

hiltzeko orenaz, 

munduko izaitia 

zenbat den gorenaz. 

Jinko Jauna adora 

obra hoberena,  

gaztigatu gaberik 

ifernuko penaz.

Luzaide jaioterriak birritan omendu du Bordel, 1970eko abuztuaren 16an eta 1985eko urriaren 22an; azken egun honetan oroitarria ezarri zuten.


OXALDE

Joannes Oxalde Etchechury

Jaiotza: 1814ko irailaren  28an, Bidarrain.
Heriotza: 1897ko abenduaren 13an, Bidarrain. 



Biografía

Bidarraiko Mangia etxean jaio zen. Gurasoak Joanes eta Joana zituen. Hamazortzi urterekin Aiherrara joan zen bizi izatera, eta 1836an ezkondu zen, hogeita bi urte zituelarik.


1838an urte luzeetan lanbide izango zuen guardia eta mugazain lanerako onartu zuten. Lana dela medio hainbeste herritara bidali zuten. Lehena Zibitze izan zen, non zenbait hilabete eman zuen; geroago Legarre (hiru urte eta bederatzi hilabetez), Bidarrai (bost urtez), gero behartuta Heletara eta hortik Sarara. Hurrengo helmuga Lekorne izan zen; han zazpi urte eman zuen (denborarik luzeena) eta hamaikagarren seme-alaba izan zuen; hainbeste umeren aita izateak bere bizitza baldintzatu zuen, erretiratu eta gero ekonomikoki une latzak pasatu zituelako. Lekorneko Atizane auzoko etxea utzi eta Makeara joan eta gero bere lanbidean azken herria izango zenera,Beskoitzeko Urgazieta auzora hain zuzen. 1886an berrogeita hamaika urterekin zaintzaile lana egiteari utzi zion.


1859tik 1872 arte Beskoitzen bizi izan zenez bertako Herriko Etxean oroitarria jarri zuten. Argentinako Entre Riosko probintziako Gualeguay hirira joan zen, Jose Mendiagak eta beste testigantza batzuek diotenaren arabera; han emaztea eta haur batzuk utzi zituen eta Euskal Herrira itzuli zen. Bidarrai Sastrienia etxean hil zen 1897ko abenduaren 13an. Apaizik gabe ehortzita, ez da bere arrastorik geratzen herriko hilerrian. Dirudienez herriko apaizak ez zuen oso laket izan Otsalderen bizitza familiarra ezta bere errepublikar ideologia; hala ere izan zuen harreman onik apaiz euskaltzale batekin, Gratien Ademarekin.


Lanak

Bertsolari gisa Ipar Euskal Herriko bere garaiko onenekin lehiatu zen eta ospe handikoa izan zen: berrogei bat urtez Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan zehar ibili zen. Manex Hiriart-Urrutik berari buruz idatzi zuen eta esapide bat ere sortu zen bere ospeagatik:

Emak hor Oxalde,
Eskualdunen alde.

Lore Jokoetan

Bere olerki eta bertso asko Lore Jokoen  karietara idatziak dira.1851ean  lehen saria irabazi zuen Urruñan  Kantu berriak Urruñako pilota partidaren sujeten gainean emanak gaiari buruz.

Bertso eta olerki batzuk

·                  Iruñeko ferietan

·                  Makila

·                  Biba Luis Napoleon! (1852, Urruñako Lore Jokoetan)

·                  Italiako gerla berriaren gainean (1859)

·                  Espaniol baten tratua (1859)

·                  Enperatrizari (1868), lehen saria Saran. Eugenia de Montijori eskainia.

·                  Khilo egilearen kantuak (1878), bigarren saria.

·                  Beranteko urrikiak  (1880), bigarren saria Maulen.

·                  Madalen Larralde (1894, Donibane Garazin saritua)


Bere omenez

Jaioterria baino, Beskoitzek izan du gogoan; aipatu den oroitarriaz gain, Aturri ertzeko herrian Otxalde flok taldea sortu zen 1976an, "mugazain kontrabandista" honen omenez.



IPARAGIRRE

Jose Maria Iparaguirre Balerdi
Jaiotza: 1820ko abuztuaren 12an, Urretxun.
Heriotza: 1881eko apiriralen 6an, Itsason.

Abeslari eta poeta herrikoia. Jatorriz Idiazabalgoa zen 

Aita merkataria zen eta semeak ikasketak burutzea nahi zuen, hori dela eta Zerainera bidali zuen. Han, osaba batek gaztelania eta gramatika erakutsi zizkion. 11 urte zituela Gasteiza bidali zuten latina ikas zezan -itxura batean apaiz izatea nahi zuten-. Ondoren, 13 urterekin, familia Madrilera aldatu zen eta mutikoa jesuiten San Isidro el Real ikastetxean sartu zuten.


1833an lehen karlistada lehertu zenean, etxetik alde egin "Nire herrikideenganako maitasunak bultzatuta, eta ez beste ezerk" eta Euskal Herrira abiatu zen Iparraguirre, karlistekin Gipuzkoako lehen batailoiean borrokatzeko. 14 urte besterik ez zituen. Atseden unetan, gitarra hartzen zuen berak sortutako letra eta musikarekin abestiak jotzeko. Arrigorriagako borrokan (1835) zauritu egin zuten. Haren ostean, Carlosen alarbaderoen konpainian sartu zuen.


Bidaiaria
Gatazka amaitu zenean Frantziara joan zen gitarra hartuta, Bergarako Hitzarmenera atxiki gabe. 19 urte zituen eta ordutik aurrera bidaiatzen eman zituen urteak berak sortutako abestiak abestuz. Horietako batzuek betikotu egin dute urretxuarra. Frantzian frantsesa ikasi zuen eta, besteak beste Lamartine edo Chateaubriand irakurri zituen. Bere gitarra beti gainean eramaten zuen eta ahaire eder bat ere eskaini zion: Gitarra zartxo bat det. 48ko Iraultzan ere izan zen Iparraguirre barrikadetan Marsellesa ospetsua intonatuz, modu horretan jendea adoretzea lortzen zuen. Napoleon IIIak kanporatu egin zuen iraultza hauspotzeagatik; Suitzara abiatu zen, Italia, Alemania eta Inagalaterran barna. Hala, 1851n Londresera iritsi zen Florentziako konpainia batekin.


Gernikako Arbola
1853an indultu bati esker Euskal Herrira itzuli eta bertako karrikak kantuan zeharkatu zituen. Letrak eta musika sortzen jarraitu zuen; modu horretan, Gernikako Arbola deitu zuen konposizio bat taxutuz zuen. Madrileko San Luis kafetegian jo zuen lehen aldiz Juan Jose Altuna euskal organo-jotzailearekin batera. Orduan Madrilen bizi ziren euskaldun asko kafetegi horretara joaten ziren. Euskal Marsellesa abian zen; ereserkiak indarra hartu zuen, Euskal Herriraino heldu zen eta guztiek abesten zuten, sarritan denak batera, Iparraguirre ere han zela. Agintariek -Mazarredo- mehatxu gisa hauteman zituzten kantaldi haiek eta 1855ean kanporatu egin zuten urretxuarra, Guardia Zibilak lagunduta.


Hegoamerikara
Gauzak horrela, han-hemenka bidaiatu behar izan zuen berriz ere, etengabe euskal sustrai sakoneko bertsoak eta musika sortuz. Hegoamerikara jo (1859) eta Buenos Airesen eman zituen hainbat urte. Gipuzkoar batekin ezkondu (Maria Angela Averejeta) zen eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Argentinan zela azken foruak baliogabetu zituzten Euskal Herrian (1876). Ondoren Uruguaira joan zen eta 1878an itzulera bidaia hasi zuen. Bordelera iritsita, euskaldunen koloniak harrera egin zion.


Itzulera
Euskal herrikideek Europarako bidaia ordaindu zioten 1876an "La Paz" delakoak sortutako harpidetzan baten bidez. Tolosan, Donostian eta bere jaioterrian izan zen; ondoren, Madrilera jo zuen, enbata bortitz baten ondorioz itotako Gipuzkoa eta Bizkaiko hirurehun arrantzaleen familien aldeko ekitaldietan parte hartzeko. 1879an Iparraguirre donetsi egin zuten Elizondon (Nafarroa) Arrese Beita bizkaitarrarekin batera.


Hortik aurrera Euskal Herriaren benetako ikur bilakatu zen. Madrilen, bertan bizi ziren euskaldun guztiek Teatro Real delakoan omenaldi handi bat egin zioten Gayarrerekin batera. 60 zituela Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Foru Aldundiek pentsio bat ezarri zioten eta Nafarroakoak dohaintza eman zion Arturo Campion jaunaren eskutik (1880).


Itsason hil zen, Zozabarro baserrian 1881eko apirilaren 6an lagunekin afaltzen ari zela.


Ekoizpena
Hainbat eta hainbat abesti sortu eta abestu zituen -gaur egun tradizionak-. Hona hemen ezagunenak: Ume eder batZibillak esan nauteAgur Euskalerri-ariGitarra zartxo bat daNere etorrera lur maitera ("Can. Vasc. " Mant. 1877, I, 51-60. or.); Biba Euskera ("Can. Vasc." Mant., 1878, II, 1. or.); Nere Maitearentzat ("Can. Vasc." Mant., 1877, I. 1-12. or.); Gernikako Arbola ("Can. Manterola, 1878, III. 73. or.); Nere andreaAra, nun diranOkendo. Abesti horietako asko Philips diskan (33 1/3) topa ditzakegu, Patxi Andionek egokitu eta abestuta eta Rafael Ferroren musika-egokitzapenekin. Abesti hauek topa daitezke: Nere amak ba lekiGora RiojaNere etorreraGitarra zartxo batTrapu zaarrakEzkongaietanUme eder batAgur Euskal ErriariErrukarriaZu, maitea; Nere izarra; Oi nere zoragarria; Zugana ManuelaGernikako arbola. Alfredo Garrido arduratu zen alderdi artistikoa zuzentzeaz eta Luis Iriondo euskara gainbegiratzeaz. 1984an Jose Antonio Urdiain tenoreak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (J. Bello Portuk harmonizazio-lanak egin zituen) LP bat grabatu zuten Iparraguirreren abesti herrikoiekin.


Gernikako Arbola izan zen, zalantzarik gabe, Iparraguirreren abesti ospetsuena. Abesti hori berehala hedatu zen Euskal Herriko txoko guztietara eta foruzale guztiak batu ziren haren inguruan, bai liberal eta karlistak eta baita nazionalistak ere.


Espainiako senatuan 1864an gure foruak eztabaidagai zirela, Sanchez Silvak foruen aurkako diskurtsoa eman ostean, Arabako senatariak, Pedro de Egañak Iparraguirrek, foruen "izen santu" modura, pizten zuen grina aipatu eta bere herrian nosotros te adoramos oh arbol santo de Guernica estrofa abestean, koplari ibiltariaren kantu magikoak harrapatuta, 6.000 pertsonak txapelak nola kentzen zuten ikusi zuela adierazi zion.


1893-1894ko "gamazada" delakoan zehar milaka manifestarik abestu zuten Euskal Herriko bazter guztietan eta gaztelaniazko errepika bat ere konposatu zen (ikus GAMAZADA).


Ondoren, foruen aldeko aldarrikapen guztietan agertu zen, 1917an esate baterako. 1931n Marsellesa eta Internacional abestiekin batera, errepublikazaleen kantu bilakatu zen, hala, errepublikano guztientzat hauxe zen benetako euskal ereserkia.


Hala ere, frankismoan zehar sendo zegoen karlismoak bere egin zuen abestia; horren ondorioz, erregimenaren aurka zeuden herritarren artean estimua galdu zuen. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak (Gasteiz) beste ereserki bat hartu zuen, oraingoan ofiziala.


Iparraldean oso ezaguna zen abestia eta Lehen Mundu Gerraren amaiera oroitzeko urtero egiten ziren ospakizunetan Gernikako arbola Marsellesarekin batera intonatzen zen. Enbata sortu zenean haren doinuak entzun ziren, izan ere, Iparraldeko euskaldunek edozein ospakizun handi baliatzen zuten abesti hura abesteko.


Iparaguirreren agurra politikagintzari
Gabriel de Manterola poetaren eskuzabaltasunari esker, testamentu politiko moduko hau barnera dezakegu hemen oso-osorik; aipatutako lagun handi horrek Londreseko liburu-denda zahar batean aurkitu zuen liburuxka batetik hartua. "Album de la Caridad" izeneko liburuxka horretan (hitzaldi literarioa) gaztelaniazko, galizierazko eta euskarazko literatura-lanak jasotzen dira. 1877ko uztailaren 29an argitaratu zen Buenos Airesen. Honatx Iparraguirreren poema:
Jaungoikoa eta arbola

I
Fueristac gera eta izango,
Mundua mundu dan artean;
sentimentu au bizirik dago
Betico Euscal errian.
Naiz eri izan gure anima,
Gauden soseguz baquean,
Icusico da gure arbola
Zutic egunen batean.

II
Mendietaco raza noblea
Gaur buru macur beguira:
Beti izan da fueroen leguea
Euscaldunen anima.
Arguitasunic ez da agueri;
Cerua dago illuna;
Libertadea esan cantari
Il arte maite degula.

III
Zuaz D. Carlos zazpigarrena,
Urrun bai gure lurretic;
Ez dezu utzi guretzat pena
eta tristura besteric;
Lutoz negarrez ama gaisoac
¡Ay! ezin consolaturic;
Ez degu nai ez gueyago ikusi
Zori gaiztoco guerraric.

IV
Euscaldun onac bear du eriotza
Billa bere sor lecuan;
Lurra da ama; maitatzen bada,
Sartuco guera zeroan;
Sinistu, maite, izan fedea
Gure libro santuan
Eta arbola viva orain eta
Eriotzaco orduan.

V
Amoriosco legue santuequin
Gorroto gabe biotzean,
Iberiaco gure anayaquin
Bizi nai degu baquean.
Gure izatea ondasunac
Dira arbola maitean;
Libertadea maite dutenac
Betoz gurequin baquean.

VI
Egunen batez aguertuco da
Gure goizeco izarra
Bere odeietan inguru dela
Jaun Zuriaren itzala.
Eta orduan zainetan bada
Libru zarraren odola.
Biziac eman esanez viva
Jaungoicoa ta arbola.

VII
Arren! ez bada galdu esperantza
Gertatutzen da eguna
Nacioen liga edo alianza
Da icusico deguna.
Orduan gora Cristo'n leguea
Errespetatzen degula,
Bai Euscaldunen borondatea
Da errien anaitasuna.


 Informazio-iturriak:
 - https://eu.wikipedia.org/
https://www.bertsolari.eus/biografiak/
-  http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/
 - https://www.kazeta.eus/es/info_kz/20201116/bordel-bertsolaria-donostian-soldadu
- http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/
- https://www.bertsozale.eus/eu/bertsolaritza/historia
PEREZ, Elixabete. Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar 1835-1869. Bidegileak bilduma, 2011. http://euskara.euskadi.net/appcont/sustapena/datos/61%20XENPELAR.pdf

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...