sábado, 6 de febrero de 2021

"Nire hiriko poemak" Ana Urkiza

Ana Urkizaren "Nire hiriko poemak" izeneko liburuaren poema batzuk dakartzazuet; gehien gustatu zitzaizkidanak, hain zuzen  ere. Nire uste  apalean, liburua umekin ahozkotasuna lantzeko gomendagarria da.

 ZAKARRRONTZIA

Nire hiriko zakarrontziak kolorekoak dira:
berdeak, urdinak, horiak...
Nire hiriko zakarrontziak ase ezinak dira:
beira, papera, hondakinak...
Nire hiriko zakarrontziak puzkartiak dira:
kiratsa, kerua, kakusaina...
Zakarrontziei esker, nire hiria koloretsua da:
berdea, urdina, horia...

 GAUA

Alkateak hiriko argiak itzali ditu
gauak lo har dezan.
Alkateak hiriko argiak piztu ditu
gaua dadin atzarri.
Gauaren beroa
sorginaren  ahora.

AULKIAK

Hamabi aulki daude pasealekuan
hamaika arima ibiltari.
Hamabi aulki daude pasealekuan
bakarlariak  hamabi.

 ARRAINA

Bueltaka ari da arraina
aintziran
ilargiaren inguruan mundua
jira-biran.

 BANKUA

Parkeko bankua ez dago bakarrik
badauka aitonaren epela.

 NEGUA

Zerua isil-isilik dago:
badator elurra.

 BANKETXEA

Banketxean ez dira  altxorrik gordetzen:
ametsak uharteetan ezkutatzen.
BIKOTEA

Eskutik helduta bikotea
ahurrean musua gordeta. 

 IKASLEAK

Ikasturte amaieran
ikasleek
gehiago dakitela dirudi.
EGUNKARIA

Haizeak
egunkari orriak daroaz.
Letra inprimatuarekin 
hitzak badoaz. 

 TERMOMETROA

Termometroak koloreak ateratzen daki:
zein den musu-gorri
nor mutur-berde
nola datorren kopetilun
hala bizargorri.
Bihotzaren hotz-beroa asmatzen ere, badaki.
IBAIA

Hotza dakar menditik ibaiak
bizkarrean
hotsa darama itsasora
eztarrian. 


ANA URKIZA (Ondarroa, 1969) Informazio zientzietan litzentziatua eta enpresa-komunikazioan aditua. Deustuko unibertsitateko irakasle da gaur egun. Helduentzako bi ipuin-bilduma ditu argitaratuta: Desira izoztuak /2000) eta Bazterreko ahotsa (2005). Haur  eta gazteentzako idatzitako ipuin eta kontakizunen artean aipagarriak dira, besteak beste: Betaurrekoak utzi ditut eta zer? (2001), Hondartzarako kioskoa (2001), Ondarruko piratak (2003) eta Amak plastakoa eman dit (2004).

2019ko irailean, Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusiak Ana Urkiza Ibaibarriaga aukeratu zuen lehendakari. Erakundearen 102 urteetan kargua hartu duen zortzigarren pertsona da, eta lehen  emakumea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...