sábado, 13 de febrero de 2021

Argixorgin (I. zatia)


"Haurrei dagokionez, EGIAZKO SORGINAK  dira haientzat  munduko izakirik arriskutsuenak. Arriskutsu itxurarik ez izateak bi aldiz arriskutsuago egiten ditu". 
Sorginak, Roald Dahl
1
HIZKIAK DANTZAN

Illareri ahots ozenez irakurtzeko eskatu zion Inguruneko irakasleak. Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan zegoen, eta suposatzen zen jada arazo barik eta jariotasunez irakurri behar zuela, bere  adineko beste haur guztiek bezalaxe. Baina Ilarrek gorriak ikusten zituen edozein testu goraki irakurri behar zuen bakoitzean. Bere buruan, testuko hizkiak dantza zoroan zebiltzan inurriak ziren; musika arin eta  zaratatsu bati jarraiki, segundo oro bikotekidez aldatzen ziren inurri ipurtarinak. Illareren buruan nahaste-borraste ikaragarria sortzen zuen hizkien mugimendu zoro horrek. Neskatxari ezinezkoa egiten  zitzaion letra-zopa hura ordena egokian jartzea; eskerrak Mikel Gartzia, Inguruneko irakaslea eta taldearen tutorea, pazientzia handiko gizona zen.

—A... arnas adarapua... —bota  zuen Illarek totel-motel.

—Arnas aparatua —zuzendu zion, ahal izan zuen modurik bigunenean, Mikel Gartziak.

—Arnas aparatua —errepikatu zuen urduri Illarek, klasekide batzuen barretxoak entzuten ez zituen plantak eginez, bere indar guztiez kontzentratzen saiatzen—. Gor... gorp... gorputzak ox... oxigenoa azt...

—Gorputzak oxigenoa hartzeko eta behar ez duen azido karbonikoa kanporatzeko erabiltzen dugun aparatua da. Eskerik asko, Illare. Andoni, jarraitu irakurtzen, mesedez.

Andoni Illareren ondoko mahaian jesartzen zen. Gelako mutilik azkarrena zen; hori guztiz sinetsita zeukan gainera, eta primeran irakurtzen zuen. Hala ere, ezin zitekeen esan pertsona zintzoa zenik, besteak zirikatzeko aukera bakoitza  aprobetxatzen baitzuen ingurukoak mintzeko. Aldi hartan ere, Andonik, neskari erdeinuzko keinu bat  egin ostean, estutxerik borragoma atera, ahoan  sartu, eta testua ere ulertezinean irakurtzen hasi  zen, berariaz, Illare antzeratzen saiatuz.

—Hura iskanbila bat-batean sortu zena! Gelako beste bi mosketariek, Aritz eta Anerrek, Andoniren ateraldia imitatzeari ekin zioten, borragoma ahoan sartuta barrez lehertzen zirela, ia-ia negar egiteko zorian.

Illarek momentu hartan nahi gabe isuri zituen malkoak, berriz, ez ziren algarak sortutakoak izan. Mikel Gartziak deiadarka ikasleak isilarazi eta egoera apur bat baretzea lortu zuenerako, eskola bukaerako txirrinak jo zuen.

2
JURGI V.AREN GAITZA

Lasai zaitez, Illare. Gaur egun ospetsuak diren pertsona askok irakurtzeko zailtasunak izan zituzten gaztetan, eta ez ziren gainbehera erori  —esan zion Nikolek etxerako bidean—. Alderantziz, irakurketa-arazo horiei aurre agin zieten; zailtasunak gainditzeak adorea eman zien eta, aurrerantzean, bizitza arrakastatsua izan zuten. Praktika kontua baino ez da! Ikusi al duzu Erregearen  hitzaldia filma?

Nikole Illararen lagun mina zen eskolaurrean elkar ezagutu zutenetik, eta eskerrak beti momenturik zailenetan beraren ondoan egoten zen. Ile gorri kirrua zeukan, eta oreztaz beteriko aurpegi xarmangarri biribila. Ama ikastolako psikologoa zuen eta, Illararen ustez, amarengandik zetorkion besteek esandakoa arretaz entzuteko ahalmen hura eta, batez ere, hitz gutxi erabilita edonor animatzeko dohain miresgarria. Nikole eta Illare egunero elkarrekin joaten ziren oinez ikastolara, eta elkarrekin etxera bueltatzen. Biak ala biak bizi ziren herriko txalet-urbanizazio berean, eta astialdian ere batera ibiltzen ziren; denek esaten zuten hezur eta mami zirela.

—Bada, filmean Jurgi V.ak, Erresuma Batuko erregeak, irakurmen arazo larria zuen —jarraitu zuen Nikolek, gogotsu—. Totela zen, eta garai hartan gerran zegoen herrialdeak ider indartsu eta ziur bat behar zuen. Emaztearen aholkuari jarraituz, Jurgik logopeda baten laguntza bilatu zuen, eta bere lehen irrati trasmisio garrantzitsua igortzea lortu zuen, akats bat bera ere egin barik!

—Logopeda? Zer da hori?

—Modu egokian ahoskatzera laguntzen lan egiten duen pertsona da. Elkarrekin ikusi behar dugu filma, Illare. Badakizu, gainera, Colin Firth aktorea agertzen den bakoitzean lerdea daridala. Ai, Colin maitea...

Beti bezala, Nikolek Illararen aurpegian irribarre bat  margotzea lortu zuen.

3
GURASOAK, KEZKATUTA

Etxeko atea zabaltzean, Illarek kezka aurpegiz berbetan topatu zituen aita eta  ama. Aita bere begi urdinetako ardura zantzua disimulatzen saiatu zen, arrakasta handirik gabe. Ama, Illare sartzen ikustean, alabarengana hurreratu, besarkatu, eta musu lasaigarri goxoa eman zion bekokian.

—Nire ilar txikiak egun gogorra izan du, ezta? —galdetu zion amak samurtasunez. Normalean, Illareri ez zitzaion batere gustatzen amak "ilar txiki" deitzeko zuen mania hura. Nahiz eta aurreko abaluaketan Mikel Gartziaren klaseetan ikasi zuen proteina, mineral eta zuntzez betetako barazki osasuntsuak zirela, ilarrak eta lekak ez zitzaizkion Illareri batere gustatzen, eta, beraz, amak bere izenari egiten zion eraldaketak ez zion grazia handirik egiten. Hala ere, ez zion errietarik egin ezizen hura erabiltzeagatik, bazekielako era maitekorrean esaten ziola; eta momentu hartan amaren laztan-dosia behar-beharrezkoa zitzaion.

—Nikoleren ama psikologoa denez, hainbat aditu gomendatu dizkigu totel-motelari aurre egiten lagundu ahal izango dizutenak. Horietako bat aukeratu eta etxera ekarriko dugu, ikastola ostean laguntzeko. Zer deritzozu? —itaundu zion amak.

4
AMAREKIN IRAKURTZEN

Nahiz eta arazo hori eduki eta ozenki irakurtzeak bararentzat ahalegin handia suposatu, Illarek izugarri gozatzen zuen istorio berriak ezagutzen, batez ere amarekin egiten zuenean.

Izan ere, egunero, ohera joan baino lehen, ordubete ematen zuten biek estudioan, txokolate bero bat edaten, apaletan ordenaturik zeuzkaten ehunka liburuetako batean murgildurik. Aste horretan, Roald Dahl izazle galestarraren Sorginak lan ospetsua irakurtzen hasiak ziren, eta Illare zeharo engantxatuta zegoen. Horregatik pentsatu zuen etxera laguntzera etorriko zitzaion pertsona horrekin ere irakurtzeari ekingo ziola, eta ideia ona iruditu zitzaion.

—Ongi deritzot, ama. Primeran irakurtzen eta ahoskatzen ikasi nahi dut! —arrapostu zion irribarre lotsati batekin—. Jarraituko dugu gero, afalostean, Sorginak liburuarekin?

—Atsegin handiz, ene ilartxo.

Afaldu eta gero, amak eta Illarek txokolatea berotu, eta estudioko mahaiaren inguruan jesarri ziren. Ama hasi zen pasa den egunean hainbeste gustatu zitzaien lehen kapitulua berrirakurtzen:
"EGIAZKO SORGINEK jantzi arruntak eraman eta emakume arrunten itxura dute, ete arruntetan bizi eta lan arruntak egiten dituzte.

Horregatik dira hain zailak harrapatzen.


5
LOGOPEDA TXUNDIGARRIA

Agate hogeita bost bat urteko neska ilehoria zen. Oso gorpuzkera polita zeukan, aldizkarietan agertzen diren modeloenen antzekoa. Ezpainak gorri kartsu batez margotuta zeramatzan, atzazalen kolorearekin bat, eta hortz guztiak ilara perfektuan erakusten zituen irribarrea zeukan jarrita Illareren aitak atea ireki zionean. Aita liluratuta gelditu zen atarian zegoen neska txundigarria ikustean. Argi zegoen ez zuela espero bere alaba laguntzeko kontratatu zuen logopeda horrelakoa izango zenik.

—Arratsalde on! Agate Arrieta naiz, Graham Bell zentroko psikologo eta logopeda.

—A... arr... arratsalde on, ni As... Asier Artola —bota zuen Illareren aitak artegatuta, bera ere totela izango balitz bezala, alabaren harridurarako—. Sartu, mesedez. Hau Terese da, nire emaztea, eta honako emakumetxo hau Illare, gure alaba.

—Pozten naiz zu ezagutzeaz, Illare —esan zuen bere begi berde argi sarkorrak haurrarenetan iltzatuz—. Zu eta biok oso lagun onak bihurtuko gara hemendik aurrera, ikusiko duzu. Totel-moteltasuna gainditzea ez da ematen duen bezain konplikatua, lasai.

Bazegoen Agate horren begiradan maltzurra zen zerbait, pentsatu zuen Illarek. Nabaritzen zen amari ere ez zitzaiola neska gaztearen soa gehiegi gustatu, eta momentu hartan sortu zen isiltasun deserosoa apurtzen saiatu zen.

—Zatoz egongelara, Agate, mesedez. Kafetxo bat prestatuko dizugu.

—Mila esker, Terese. Zein etxe polita duzuen! —esan zuen, egongela mirespenez aztertuz. Batez ere, haritz-egurrezko mahaiaren  gainean zegoen ontzi batek eman zion atentzioa—. Etxe hau apaindu zuenak benetan gustu ona izan behar zuen. Ziur nago loreontzi txinatar honek dirutza balio duela!

—Asierrek dekoratu zuen etxea. Artearen historia ikasi zuen eta...

—Hala da, balio handiko pieza da! XIX. mendeko portzelanazko bitxitxoa —moztu zion aitak  amari, Agate film amerikarretan protagonista maitemintzen denean ateratzen zaion irribarre tontoarekin begiratuz.

Illarek ez zekien amarekin irakurtzen ari zen liburuak zioena serioegi hartzen ari ote zen, baina lehen begiratuan liluragarria eta, logopedaz gain, artean ere aditua zirudien Agate hari sorgin baten itxura hartzen zion.


6
HIRU  MOSKETARIEN BASAKERIA

Hurrengo egunean, ikastolatik bueltatu eta gero, Illare meriendatzen ari zen  egongelan, txokolatezko ogitartekoa eta laranja-zukua gogo biziz irensten. Telebistan bere marrazki bizidun gogokoenak ikusten ari zela, amak gogorarazi zion Agate hamabost minututan etortzekoa zela, idazte- eta ahoskatze-eskolekin hasteko. 

—Etxean egongo zara, ama? Ez dut sorgin horrekin bakarrik geratu nahi... —esan zion Illarek amari, mainak  eginez.

—Nagusia zara jada horretarako, Illare. Gainera, nik erosketak egitera joan behar dut. Eta ez  iezaiozu sorgin deitu, laztana, oso jatorra ematen  du  eta —erantzun zion amak, tonu ez oso sinesgarri batean—. Agate heltzen denean, ireki garajeko atea, ados? Edozer gertatzen bada, badakizu, deitu mugikorrera. Gero arte, txiki, formal ibili!

Minutu batzuk geroago, marrazkiak interesgarrien jartzen ari ziren momentuan, Illarek kaletik zetorren garrasi bat entzun zuen. Telebista amatatu, eta antxintxika abiatu zen leihotik begiratzera.

Han ikusi zuen Agate, hileta-autoa zirudien bere berebil beltzaren alboan, zurtuta, garajeko ateari nazkaz begira. Illare, harrituta, giltzak hartu eta  etxetik irten zen, zer gertatzen zion ikusteko.

Agaterengana hurbiltzean, neskaren goragale-aurpegiaren zergatia ulertu zuen. Izan ere, garajeko atean, kea zerion zerbait zegoen egurrezko  ateari iltzatuta! Illare apur bat gertutatu zen, eta berehala jakin zuen saguzar bat zela. Txaletaren inguruan milaka aldiz ikusi zituen horrelakoak gauez, ziztu bizian hegaka. Hala ere, Illarek ez zuen inoiz horrelako animalia bat hain gertutik aztertu. Hego biak txintxeten bidez ateari iltzatuta zeuzkan, eta gauza zuri bat zuen ahoan: hortik ateratzen ari zen kea. Harrigarria iruditu zitzaion arren, ez zegoen inolako zalantzarik: zigarro-mutur bat zen! Ziur klaseko hiru mosketariek, Andoni, Aritz eta Anerrek, berari adarra jotzeko egindako lerdokeria izan zela.

—Animalia gaixoa! Nori bururatuko zitzaion honelako basakeria egitea? —bota zuen Illarek saguzarrarengana hurbilduz, izaki errukarriari mutxikina ahotik kentzeko asmoz.

—Zertan zabiltza, tuntuna? —galdetu zion mespretxuz Agatek, ia-ia bere onetik aterata—. Ez  zaitez gauza higuingarri horrengana hurreratu! Infekzioren bat hartuko duzu! Hiltzen bada, hobe!

Saguzarra guztiz puztuta zegoen, zigarretaren kea irensten jarraitzen  zuela. Animaliaren  egoera penagarria zen. Instant hartan eztanda txiki bat entzun zen, mikrouhinean krispetak egiterakoan sortzen den zarataren antzekoa. Saguzahar gaixoa lehertu  egin zen, eta  Agateren ezpain gorrietan irribarre zabal maltzurra margotu zen. Ondoren, errepidean geratu zen animaliaren gorpua zapaldu, eta txistua bota zion.

Eskerrak logopedak ez zuen lurrean zegoen saguzarraren kume ñimiñoa ikusi, ezen hura akabatzeko gupidarik ere ez zukeen izango. Illarek, ordea, umezurtz geratu berri zen bola txiki beltz hura zaindu nahi zuen, eta bere oinen atzean ezkutatu zuen animalia, Agatek ikus ez zezan.

Garajeko giltzekin ate automatikoa zabaldu zion logopedari, eta, emakume bihozgabea autoa aparkalekuan sartzen ari  zen bitartean, saguzartxoa lurretik batu eta poltsikoan sartu zuen, minik ez  egiteko kontu handiz.

7
SAGUZAR KUME BAT POLTSIKOAN

Saguzarrekin gertatutakoa zela eta, etxean sartu eta eskolarekin hasi orduko, jada hogei minutu galdu zituzten. Alabaina, geratzen zen denbora hori oso astiro igarotzen zela iruditu zitzaion Illareri. saguzar kumea poltsikoan zeraman oraindik, eta guztiz kezkatuta zegoen; ez zekien animaliak bizirik jarraitzen ote zuen, eta horrek sekulako ezinegona sortzen zion. Logelatik ateratzea lortu behar zuen, edonola. Baina  zaila zen ihes egitea, Agatek makina bat ariketa aspergarri baitzeuzkan berarentzat prestatuta: hitzak silabatan banatzekoak, berben soinuak errepikatzekoak, esaldiak letraka esatekoak, diktaketak... Buruan aitzakia onen zerrenda bat egiten hasi  zen Illare, eta  azkenik sabeleko minaren klasikoa aukeratzea erabaki zuen.

—Tripako min izugarri daukat, Agate. Kamamila bat hartzera joan naiteke?

—Astakuru hobea asmatu beharko duzu —erantzun zion berehala, pentsamendua irakurri balio bezala—. Eskola bukatzko hamabost minutu baino ez dira geratzen, jarraitu ariketarekin! Ea, banatu hipopotamo hitza silabatan.

Ariketa amaitu eta berehala, Illarek etxeko atea irekitzen entzun eta  aita lanetik bueltatu berri zela jakin zuen. Pausoengatik ezagutu zuen  aita, hain berezkoa zuen ibilera ziur harengatik. Agatek ere aita  eskailerak igotzen entzun behar izan zuen, ezen bere patrika-ispilua atera eta makillajeak egoera onean jarraitzen zuela egiaztatu baitzuen arin batean. Tupustean, aitak logelako atea ireki zuen.

Zelan dago nire printzesatxoa? —aitaren begiek mekanikoki Agaterenekin topo egin zuten Illarerenekin baino lehenago, eta umea zalantzatan geratu zen, "printzesatxo" hitza ez ote zihoan, berari beharrean, sorgin ilehori nazkante hari zuzenduta.

Baina, momentu hartan, Illareren kezkarik handiena poltsikoan zeraman saguzarrak bziirik irauten zenez, bere lehen ahoskatze-eskolari buruz hitz egiten utzi zituen bi helduak, eta ziztu bizian jaitsi zen sukaldera.

8
SAGUZARREN OSPE TXARRA

Illarek saguzar ñimiñoa patrikatik atera zuen. Bizirik jarraitzen zuela jakiteak zeharo poztu zuen. Gurasoek janari beroa labetik ateratzeko erabiltzen zuten eskularrua hartu, eta bertan sartu zuen animaliatxo babesgabea. Bere zortzigarren urtebetetzerako oparitu zioten hamster txikia ekarri zion gogora. Begi beltz-beltzak zituen, eta sagu baten antzeko sudur eta belarriak. Hala ere, Illare gehien harritzen zuena haren besoak ziren, hegoei zuzenean lotuta zeuzkan eta; amama Abeliñek udako beroari aurre  egiteko erabiltzen zituen abanikoak ziruditen bi hego horiek. Kumea ziurrienik goseak hiltzen egongo zela pentsatu zuen Illarek, baina  ez  zekien saguzarrek zer jaten ote zuten. Aitak Agateri agur esan eta atea itxi bezain pronto, Illare  berarengana abiatu zen sukaldeko eskularruarekin, gertatutakoa kontatzeko.

—Kume honen ama garajeko atean iltzatuta egon da. Piztutako zigarro bat zeuzkan ahoan sartuta, aita. Ke piloa irentsi du, eta  gorputza izugarri puztu zaio, lehertu arte! Beldurgarria izan da! Eta  Agatek saguzarraren gorpua zapaldu eta tu egin dio, inolako errukirik gabe! —bota zuen Illarek suminduta.

—Beno, Illare, normala da! Badira saguzarren beldur diren hainbat pertsona, eta izugarrizko nazka ematen diete. Gaueko izakiak direnez, antzinatik uste izan da sorginekin eta deabruarekin lotuta daudela. Herri batzuetan, baserritarrek saguzarrak iltzatu ohi zituzten etxeko atean, hegoak zabalik, uste zutelako horrela etxea sorginengandik babestuta egongo zela.

—Eta zergatik dira  haien beldur, aita? Sabaitik buruz behera eskegita lo egiten dutelako, agian? Edo Drakula kondeak eta banpiroek haien antza dutelako?

—Izan liteke. Literatura-lanetan eta filmetan oso irudi txarra eman izan zaie beti saguzarrei. Egia da saguzar-espezie batzuk animalien odolez elikatzen direla, baina oso gutxitan egiten diete eraso gizakiei. Hozka egin dezakete, bai,  baina arraroa da hala ere!

—Nola egingo dio hozka inori gauza polit honek? —Illarek esku-ahurrean jarri zuen bolatxo beltza, eta  animaliatxoari so geratu zen samurtasunez—. Badakizu zer jaten duten saguzarrek, aita?

—Nik esne-tanta batzuk emango nizkioke; baina ez zaigu esnerik geratzen... aita esaldia amaitzear zegoela, atearen soinua entzun zen. Ama erosketekin itzuli berri zen  etxera.

—Une aproposenean iritsi da amatxo! esan zuen Illarek irribarretsu, eta jarraian amari poltsekin laguntzera joan zen korrika batean.


Jarraituko da...

1 comentario:

  1. Oso polita da, eskerrik asko argitalatzeagaitik!!! 😘😘

    ResponderEliminar

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...