martes, 23 de febrero de 2021

ARGIXORGIN (II. zatia)

9
ARGIXORGIN 

Illarek esnez bete zuen edalontzi bat. Sukaldeko armairu batetik amak noizbehinka pintxoak egiteko erabiltzen zituen zotz horietako bat hartu, eta  esnetan sartu  zuen, saguzarrari ahoan poliki-poliki tantak isurtzen joateko. Bazirudien animaliak esnea gogoko zuela, apur bat edan zezan lortu baitzuen. Illare saguzarra elikatzen kontzentratuta zegoela, etxeko txirrina entzun zuen. Nikole zen.

—Epa, Illare! Zelan joan da zure lehen ahoskatze-saioa? Jatorra da eskolak  ematera etorri zaizun neska?

—Nikole! Beno, saio laburra izan da, oraintxe ikusiko duzu zergatik. Bada, tipa hori ez zait betere gustatzen. Maltzurra iruditzen zait… ez dakit, beharbada nire gauzak izango dira. Sartu, sartu.

—Zertan ari zara? —galdetu zion Nikolek Illareri sukaldean sartzean, esnearen eta zotzen arteko lotura deszifratu nahi eta ezinean.

—Izen bat jarri behar diot, Nikole. Bururatzen al  zaizu izen aproposik saguzar batentzat? —itaundu zion Illarek saguzar txikia erakusteaz batera.

—Arranopola, argixorgin jaioberria da  eta!

Argi zer? —Illarek ez zuen sakula entzun lagunak erabili berri zuen hitz hura.

Argixorgin; aitonak horrela esaten zien saguzarrei. Baserrian horrelako pilo bat izan zituen ganbarako habeetan eskegita, eta gorriak ikusi zituen animaliok uxatzeko. Denetarik probatu zuen!

—Uxatu? Animalia gaixoak!

—Bai… Aitonak eskola-kolpeak ematen zizkien, beldurtu zitezen. Ganbara zaharraren sabaiko zuloak zementuz itxi zituen argixorginak handik irten eta sartu ezin izateko, eta naftalina bolatxoak eskegi, ezin omen dutelako usain hori jasan. CDak ere zintzilikatu zituen, nonbait irakurri zuelako argi-erreflexuei esker orientazioa galtzen omen dutela…

—Eta horrekin alde  egin al  zuten?

—Ez, metodo horiek guztiek ez zuten ezertarako balio izan. Azkenean, aitonak argixorginak bizilagun hartu zituen, eta konturatu zen onurak ere badituztela. Izan  ere, imajina ditzakezun intsekturik nazkagarrienak jaten  dituzte: sitsak, euliak, eltxoak, kakalardoak… Beraz, aitonaren ortuko izurriak ekiditeko oso mesedegarriak izan ziren. Honek ez du oraindik hegan egiten?

—Badirudi ezetz; jaioberria baino ez da.

—Ideia bat bururatu zait! Zergatik ez duzu bihar klasera eramaten? Horrela Mikel Gartziari galdetu ahal izango diozu zenbat denbora behar duen kume batek hegan egiten ikasteko.

—Um, ideia ona! Ikastola ezagutzeko aukera izango du horrela Argixorginek. 


10
SAGUZARRETAN  ADITUA

Mikel Gartzia kafe bat hartzen ari zen Illarek eta Nikolek goizeko jolas-orduan irakasleen bulegoko atea jo zutenean. Illarek motxilatik atera zuen sukaldeko eskularrua, eta tutoreari erakutsi zion saguzarra. Mikelek askotan esana zien ikasleei unibertsitatean biologia ikasi zuela eta izugarri gogoko zituela edozein motatako animaliak. Horregatik, saguzarra ikustean, kafe-edalontzia ia-ia lurrera erori zitzaion emozioaren emozioz.

—Ze txikia den! Pipistrellus pipistrellus motatakoa dela esango nuke; saguzar arrunta. Non aurkitu duzue?

—Neure etxeko g… garajean agertu zen. Ba… bad… badakizu zenbat denbora behar izango duen hegan egiten hasteko?

—Oker ez banago, saguzar kumeek gutxi gorabehera lauzpabost egun behar izaten dituzte hegaz ikasteko. Dena dela, ugaztunei buruzko liburu bat daukat apalean; saguzarrei buruzko datu gehiago izango ditu. Egon apur batean, neskak —Mikel irakasle-gelan sartu eta, minutu batzuen ostean, liburu zahar, mardul bat irakurtzen  agertu zen—. Begira, bazenekiten saguzarrek garatuen duten zentzumena entzumena dela? Izan ere, ia itsuak dira. Argitasuna eta iluntasuna bereiz ditzakete, baina formak eta tamainak desberdintzea zail egiten zaie.

—Int… Interneten irakurri nuen ek… ekolokazio izeneko sistema erabiltzen dutela harrapakinak non dauden jakiteko.

—Hala da, Illare! —erantzun zion irakasleak harridura eta poztasunezko keinu batekin—. Saguzarrek maiztasun handiko soinuak igortzen dituzte, eta  soinu horiek, objetuekin talka egiterakoan, oihartzun egiten dute saguzarren belarrietara heldu arte. Liluragarria, ezta?

—Benetan! Arg… Argixorgin orduan iluntasunean entzumenaren bitartez bere burua g… gidatzeko gai da!

—Argixorgin? Izen polita jarri diozue! Aizu, Illare, saguzarrei buruz hainbeste  dakizunez, zer iruditzen zaizu arratsaldeko eskolan animalia gelakideei erakusten badiezu eta haren berezitasunak azaltzen?

—B… ba… baina… urduri jarriko naiz,

—Ez larritu, oso ondo egingo duzu. Nikolek eta biok lagunduko dizugu arazorik baduzu. Ugaztunen gaiarekin hasi behar dugu, eta  zure aurkezpena sarreratxo ezin hobea izango litzateke! Benga, anima  zaitez! —irakasleak jarri  zion Shrek filmeko katuaren xarma-aurpegi horrekin, Illarek ezin izan zion ezetz esan.

—Be… beno… ados!




No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...