domingo, 25 de diciembre de 2022

Agur Kontxa Eskola!, agur Karrantza! (euskaraz)

Eskerrik asko KARRANTZA!  Bihoz-bihotzez. Eskerrik asko KONTXA ESKOLA!

Agur esateko ordua iritsi zaigu... 

"Herriko gizonek",  gutunez  agurtzen dute: idazten dutena pentsatuz  eta pentsatzen dutena idatziz. Hori bai, diskrezioz eta emozioz beteta.

Hiru hamarkada baino gehiago eman ditugu elkarrekin, bai, urte asko dira  eta milaka kilometro eginak ere, Ekuadorreko lerroari jarraituz munduari 10 bira eman izana bezainbeste.

Eta zerumuga  horrek ikaragarrizko oroitzapen sorta   uzten dit, eta ni oritzapen bildumazalea izanik…urte horietan bizi izandakoaz baino opari hoberik izan al dut?

Goiko irudian, zaldiak El Suceson eta elurra mara-mara ari  zuelarik.
Behean, El Sucesoko Ama Birginaren monumentua elurrez inguraturik.

Hain denbora luzean, normala da atsekabe batzuk izatea, baina... zertarako gogoratu? Azken ondorioarekin geratzen naiz: Kontxa Eskolan zoriontsu izan naiz, halaber, Karrantzan zoriontsu izan naiz.

Berriro jaioko banintz, berriz ere maisu izango nintzateke, eta Karrantzara beste horrenbeste hamarkada pasatzera joango nintzateke. Horrekin dena esaten dut. Izan ere, pentsatzen hasten banaiz, Karrantzan Zierbenan baino zoriontsuagoa izan naiz eta bertan pertsona zoragarri eta ahaztezinak ezagutu ditut.
Ezkerretik hasita, Roberto Canales, Pilar, Rober eta Amaia, Izaskun, Osane eta Raul MaguregiDen-denak Kontxa Eskolako maisu eta andereño izandakoak.

1992ko iraila zen. Munduaren zati   oso txiki baten berri baino ez neukanez (Saint-Exupéry-ren “El Principito” bezala), Karrantza Harana ez nuen  ezagutzen. Gogo barik  eta atsekabetuta ailegatu nintzen. Ikusi nuenetik, ez zitzaidan gustatu ez eraikina, ez irakaskuntza-metodologiak, ez  ordutegia, ez fotokopiak egiteko orduan erabiltzen zen mimeografoa, ezta klaustroaren zati handi bat ere…Baina OHO (EGB)-ko 2. maila eman zidaten, eta nire ikasgelan Romina, Aitziber, Cristina, Nekane, Davinia, Ixone, Sheila, Nati, Hugo, Aritz, Dani, Endika, Alfredo, Maikel... zeuden, eta denboraren poderioz konturatu naiz neska mutil horiek  zerbait edo asko eragin zidatela, jada, ez bainuen beste eskola batera alde egin, betiko geratu nintzelarik, 30 urte gehiago.

Cristina, Romina eta Aitziber, 1992/93ko ikasturtean, 7 urte zituztelarik, nire ikasleak izan  ziren. Hiru hamarkada baino gehiago pasatu  dira, baina  ahaztezinak dira, eta  niretzat eurekin ditudan argazki hauek altxor eder bat dira.

Karrantza deskubritzea merezi duen mundua da. Nik bertako auzo guztiak ezagutu nahi izan nituen eta lortu nuen, denetan egon nintzen, baita han bizitzen  geratu ere  denboraldi batzutan. Itsasoa falta zitzaidan eta hotza soberan nuen, baina... Zierbenatik esaten badute kostaldeko herri ederra dela (hala izan zen, baina jada ez da), Karrantza iragarriko ez den bazter eder eta sakabanatuko haran berde bikaina da, edozein urtarotan: neguan, udan, udaberrian edo udazkenean gozarazten zaituen.

Goian, Amaiarekin La Ventana del Reluxen, Karrantza Haraneko santu-zeinuak.
Behean, neu El Salto del Pollon
Karrantzak hamaikatxo bazter ditu, ozeano berde bat bezalakoa da.
Ezagutzeko halako  emakume jator eta maitagarri baino lagun hoberik  ez  dago.
Jesu eta  Esther (maite  zaituztet).

"Cuando no puedas trotar,  camina;  
cuando no puedas  caminar, usa el bastón, 
pero NUNCA TE DETENGAS"

Karrantzara iritsi aurretik, 5 urte neramatzan maisu lanetan, hainbat eskolatan  egon nintzen eta esperientzia anitz eta atseginak izan nituen, baina Karrantzan irakasle  lana nire zaletasunik gogokoena zela sentitzen hasi nintzen. Horrek bai hitz potoloak! Lanean zoriontsu izatea lortzen duzunean, lan egitea ez zaizu kostatzen, plazer handia bihurtzen da.

Karrantzara maisu titulazioarekin ailegatu nintzen, baina bertan maisu izaten ikasi nuen. Nire ustez, 1992tik lanean hasi zen Roberretik 2020an zegoen Roberrera alde nabaria dago. Lehen etxeko lanetan oinarritzen nintzen, orain ez; lehen testuliburuak eduki nahi nituen; orain ez. Lehen azterketak behar nituen; orain ez. Lehen, hezkuntza-sisteman sinesten nuen; orain, ez. Lehen, ia dena nekiela uste nuen; orain, berriz, ez dakit ia ezer ere ez. Lehen zorrotza nintzen; orain haiei barkamena eskatu  nahi nieke.

Eskolaren lehenengo helburua irakastea da. Akats galanta. Eskolaren helburu nagusia heztea izan beharko  litzateke. XXI. mendean, ikasi bakarrik ikasten da, baina hezteko norbaiten eredua behar duzu.

Toño, Maitane eta Irantzu eredu  ezin hobeak dira. 
Haiekin  topatzearren zorionekoa izan naiz.
Buruan zein bihotzean  jai eta  aste  ditut. 
Nahiz  eta  urrun  egon,  nahiz eta elkar  ez ikusi, 
nirekin, niregan, hementxe,  nire  baitan. 
Beti, betirako.
Bihotzetik ateratako musua, lagunak!

Tutore bezala  esperientzia bikainak, ehunka haur tutorizatuak, desagertutako OHOn eta Lehen Hezkuntzan. ACEX proiektua liburutegian, eskolaz kanpoko jarduerak, eskola-baratzea, eskola-jantokia (begiralea eta arduraduna), eskola-garraioa, Agenda 21eko koordinatzailea. Txangoak, barnetegiak, ikasketa-bidaiak, eskola bidaiariak..., Skipy hamsterra, puzzleak, olerkiak, antzerkiak, erakusketak, eskola-festak, Euskal eskontza, udazkeneko irteerak, 2008ko El Mato, 2017ko eta ondorengo ikasturteetako  El Mato, idazkaria, ikasketa-burua, zuzendaritza... hiru hamarkada  bai pertsonalki zein profesionalki oso aberasgarriak izan direnak.


Karrantzan emandako 30 urteak erraz laburbiltzen dira: egun batean gogo barik ailegatu nintzen, 30 urtez zoriontsu izan nintzen eta  huts emanda utzi nuen.  30 urterekin geratuko naiz. Gainerakoak, une txiki batez iraun zuen, meteoro bat pasatzen ikustea bezala... 

Marko eta biok. Kontxan egondako azken hamarkadan, Marko lankide eta  lagun izan  dut. Bera, praktikotasun erregaia erabiltzen; neu, sentimentaltasunarena, agian. Hala eta guztiz ere, bikote batua osatu dugu eta bion  arteko kontakizun  asko bizi izan  ditugu. Ziur nago, bera nitaz oroituko dela urrutiko, neu berdin berataz. Markok eskolan Roberren  falta handia sentituko duelakoan nago. Hala izatekotan, egunen batean hurbilduko nintzateke nire besarkada eramateko. Agian,  izango dudan  guztia izango da, "hombres de pueblo"-koak garenok  gauza  gutxi  daukagu emateko eta.

Istorio guztiek amaiera dute, eta protagonistek ezin dute beti amaiera hori aukeratu.  2020/2021 ikasturtea, pandemian, 6. mailako tutorea. Ikasturte osoan zehar ez nuen ordurik galdu (hau bai ezohiko gauza). Benetan gozatu egin nuen, zoriontsu izan nintzen nire 13ekin: Maialen, Haydee, Jone, Alaitz, Iraia, Izaro, Yumalai, Eneko, Aimar, Aner, Cristian, Asier eta Egoitzekin. Ikasturte amaiera ahaztezina: 3 irteera Bide Berdetik; beste hirurak Karrantzatik oinez, 40 auzotik gora bisitatuz; nire herriko hondartzara joan ginen egun paregabea; eta emozinoz betetako agurra.

Eta nork esango luke hori? Hurrengo ikasturtea hasi eta segituan, dena desberdina zen nire barnean. Daborduko ez nintzen baliagarri sentitzen, nengoen lekuan ez nuen egon nahi, bakardadean jaten nuen, lankideengandik alde egiten nuen, ez nuen nire lekua aurkitzen, gelarik gabe, mahairik gabe, ordenagailurik gabe... motxila non utzi ez nekiela, sukaldari maiteekin asaskatu egiten nintzen, Naturgunen negar egiten nuen. Ez dakit ni nintzen edo errealitatea zen baina eskolan soberan nengoela, ez nuela ezer pintatzen, inork ez ninduela behar eta ez ninduela beharko pentsatzen hasi nintzen. Hau da, 30 urtetan hain  zoriontzu izandako eskolan ez nintzela balioko nuen nire buru barruan.

Ordutegiak, IHP, IUP, Formakuntza, bekak eta burokraziaz betetako abar luze bat  beti premia dutenez,  ez dute  astirik uzten garrantzitsuagoak diren gainerako beste gauza guztientzat. Nire bihotzeko lagunak lanarekin gainezka,  eta ni bakarrik sentitzen hasi nintzen, egunetik egunera  gehiago. Aurkitzen ez nuen leku baten bila nenbilen,  eta baztertu egin nintzen, niretzat  baztertzea errespetatzeko-modu bat delako.  Isolatu egin nintzen, ez nuen telefonoz deitzen zidanari erantzun nahi ere. Atzeko atetik joan nintzen, aurrekoa Osasun Mentalarena zen. Ez zen espero nuen amaiera, baina... desioak askotan esnatzean betetzen ez diren ametsak dira. Beno… Kitto. Gauza horiek gertatzen dira, eta gertatu ostean, oroitzapen onak baino ez dira lotzen, eta hori da nik gogoraratu nahi dudana.


Behin eta berriro begiratu arren, nire buruaren isla besterik ez dut ikusten...

Kontxa Eskolako jantoki zerbitzua eta bertako langileak  askotan ematen zaien garrantzia baino  gehiago  daukate. Bai, oso inportanteak  dira eta nire kasuan langile ez  ezik lankide apartak izan dira.

Gauez,  mila oroitzapen etortzen zaizkit bisitan.       Gauez... mila oroitzapen...

Garai batean, egunero patiora sartu bezain pronto  ume  bat  atariko zutabe hotzen kontra, burumakur, inguruan zeukan mundutik ihesi, ikusezin bihurtu nahirik ikusten nuen ... Nik urrutitik oihu egiten nion: -Ivan! Eskaileretatik  salto, eta ziztu bizian niregana hurbildu eta  egunero bere bizitzako azkengo   balitz bezala,   kriston besarkada ematen zidan. Bizitzan horrelako une gutxi daude!

Txapulin nire mahaira etortzen zen, nire gainean  jesarri eta bekainak ukitzen hasten zitzaidan esanez: - Maisu, zuk ez duzu bekainik, biserak dituzu. A zelako uneak!

Iskander  matematiko paregabea zen, adimen ikaragarria zuen, baina ez zuen irribarrerik botatzen, kalkulatu besterik ez zuen egiten. Egun batean irribarrez hasi zen,  nire keinuez, nire esaerez, nire  eskolak emateko moduaz... barre egiten zuen. Hamaikatxu argazki egin nizkion irribarrez. Nik ez nuen 10 bat ateratzerik nahi, olerkiak errezitatu, antzeztu, txisteak kontau…egitea lortu nahi nuen. Harrezkero, bere amak azaroaren 25ean, urtero zoriontzen dit.

Zikloa amaitu  eta agur esateko ordua ailegatu zen. Masailean bihotz bat margotu eta nire izena jarri zuten: Maider eta Nekane. Argazki hori nire altxorra da. Nire ikasleak izan ziren eta orain eurek ere  irakasleak dira.

Josetxu Eletxigerra, Karrantzako lagunik onena, OHOko 8. mailatik atera zen.

Angelen bideotxoak  Karrantzako jendea imitatzen. Hori bai paregabea! Angel mutiko lotsatia zen, baina  ekintza  honetan barruan  izkutatuta zeraman jatortasuna ateratzen  zuen.

Irakasle baten  ametsa  ikasle perfektua topatzea da. Nik aurkitu nuen: Oier Mazón. Handik gutxira, bere arreba Ane-ren  tutorea izan nintzen, eta zalantzan jarri nuen nor ote zen hoberena. Sinestezina benetan zelako anai-arrebak diren! Ane olerki bat errezitazten dagoen bideoa  hainbeste aldiz ikusi dut... eta oraindik ere ikusiko ditudanak!.

Ikasle batzuk matematikan ez dira onak, beste batzuk  ortografian... eta zer axola dio? Ze garrantzi du horrek? Kontua da euren bertuteez gozatzea eta plazaratzea gabezien sufrimenduaren ordez,  Ehari Alakanok  olerkien interpretazioz egiten duen bezala. Azken finean, nik ez dut inoiz asko jakin, eta egun batean zuzendari izatera iritsi nintzen.

Eskola batean ez dago ezer atseginagorik haur baten irribarre zoriontsua baino.

Denboraren poderioz pentsatu/ikasi dut maisu bat ezin dela zoriontsuago izan bere eskolako haurrak irribarrez ikustea baino. Gainerako guztia bigarren mailakoa da. Ez dago 10-ik, bikainik, diktaketarik ezta koadernorik umeen zoriontasuna gainditzen duenik. Haurren irribarreak argia ematen dio eskolari. 

Kontxa eskolako nire oroitzapenen bilduma honelako irudiz beteta dago. 
Ez dago dirurik!
Aberatsa naiz!

Mi colección de  recuerdos de Kontxa Eskola  está  lleno  de  imágenes  como  ésta.

Gauez, mila oroitzapen etortzen zaizkit bisitan. Gauez, mila oroitzapen.

Aingeru: errespetua, hezkuntza, adiskidetasuna, apaltasuna, xumetasuna, ahalegina... Adoptatu egingo nuke! Beti nirekin egongo da.

Gauez, mila oroitzapen etortzen zaizkit bisitan. Gauez, mila oroitzapen.

Hiru hamarkada ikastetxe berean egoteak duela 20 urte baino gehiago ikasle izan zenituen gurasoen haurrak hurbiletik ezagutzeko aukera ematen dizu. Orduan, gauza asko ulertzen dituzu, eta horrek zure lanean laguntzen dizu, eta hori zure egunerokotasunean  oso atsegina da. Aner.... Ruben.... Leticia...

Kontxa eskolako ikasle guztiek beti lagundu didate, beti egin dutelako ekarpenen edozer gauza (zereginak, proiektuak, ametsak...) aurrera ateratzeko. Kontxa eskolako umeak nire ikasleak izan dira, baina baita nire laguntxoak, nire laguntzaileak eta Karrantzan hiru hamarkada baino gehiago geratzeko nire benetako arrazoia ere. Bihotz-bihotzez beti eskertuko dizuet. Bai, beti.

Gauez, mila oroitzapen etortzen zaizkit bisitan. Gauez, mila oroitzapen.

Eta nik nire memoriaren balkoi erraldoia irekiko diet.

Ana Angulo, 2005/06ko ikasturtean, eta Viktor Monasterio, 2006/07koan, niregan itzelezko konfidantza jarri zuten Kontxa Eskolako lehenengo bi zuzendariak. Zuzendari bikainak!                               Behin eta berriz eta betirako eskertuko diet.
Ainara  eta  Maitane. Gazteak bai, baina gaitasunez betetako irakasle zein emakumeak.

Loreari, berandu izan baino lehenago, erreportai oso bat eskeiniko diot. Bere  argazkiak bilatuko ditut eta  berari buruz, nahita, idatziko dut, nahita. Bera nire  azken irria izan  da Kontxa Eskolan.
Nirekin maitagarria izan  da, bihotz-onekoa, eskuzabala... izan da, eta  hori  ezin  dot  inoiz  ahaztu. Lorea betirako maite izango  dut eta beti niregana irrifartsu nola hurbiltzen  zen  gogoratuko  dut. Bere izena ezin hobeto  doakio. Kontxa Eskolako nire azken egunetan Lorea eskolako lore bihurtu zen

Gauez, mila oroitzapen etortzen zaizkit bisitan.       Gauez, oroitzapenak milaka.
Garai batean, Patri, Osane eta hirurok Waitakin gosaltzeko elkartzen  ginen, itsasoari begira. Noski bertako Javi maiteak prestatzen zigun gosaria goxoa zela, bai; baina Patriren irribarrearekin gosaltzeak ez zeukan preziorik. Hain lasaigarria zen beti  justifikatzen zuen puntualtasuna eza ere parkatu zekiokela. Eskolarako bidean zehar musika eguneratzeko ikastaroa doan ematen zidan. Patri, Patri da, baina badaki  irribarre batekin gihar giharrean ikutzen. Hala eta guztiz ere, maitagarria da eta nirekin oso ondo portatu zen.

Eskola guztietan  Ascen bat  egon  beharko litzateke. Beno... ondo pentsatuz gero, bat baino gehiago hobeto! Ascenek hitz politak eta hizkuntzak dituen adjetibo positibo guztiak merezi dituen emakumea da.

Onintza, emakumez mozorroturiko perla.
Gorka, lan egiten duen tokian benetako aztarna uzten duen irakasle aparta eta gaitasunez betetako irakaslea

Isa (Isabel Sainz) 1993ko irailean  iritsi zen Kontxara; beraz, datorren ikasturtearen hasieran hiru hamarkada beteko ditu eskolan. Niretzat, adiskidea, lagun mina, laguntzaile aparta, aingeru begiralea, babeslea, zaindaria... ez nekiena irakatsi zidan. Horrexegaitik eta inolako zalantza barik Isak nire agur honetan egotea merezi du. Eskerrik asko musutruk emandako guztiagaitik.
Osane, Kontxa Eskolan 5 ikasturte jarraian nahita egondako gernikarra, El Sucesoko parkean kulunkatzen, 2013ko otsailaren amaieran izandako elurtean. Biok batera ikasleen elkarlana sustatu genuen jarduera ugari eginez  (guzti hoiek  argazki eta  bideotxoetan  gordeta geratu  dira).   Andereño paregabea zen, geldiezina,  saltsa guztietan sartzen zena, 2012ko abenduko Euskal Ezkontza famatuaren bultzatzailea izan zen. Osanek pozarren  eta zoriontasunez burutu zuen bere lana. Elkarlanean ordu asko eta asko egin ditugu.

Amaitzeko, nire eskerrik beroenak  eta zintzoenak emateko zerrenda amaigabea daukat: Ikuskaritza, Berritzeguneak (lehen COOP), Karrantzako Udala (langile eta politikariak), IGE (AMPA), sukaldariak, atezaina, garbitzaileak, jantokiko begiraleak, garraioa eta eskolaz kanpoko ekintzetako monitoreak, Karrantzako eta Lanestosako ikasleak, praktiketako ikasleak, familiak, karrantzatarrak, hezitzaileak, eta  estimu handiz agur honetan izendatutako irakasleaz gain, hainbat eta hainbat maisu eta andereño...

     Nahi dutenentzat besarkada bat!     

     ZORIONAK  ETA URTE BERRI ON!      


       "Urak dakarrena, urak darama"       

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...