OLAGARRO ALPERRA
Bazen behin, Zierbenako Portuan bizi zen
olagarro arrantzalea, guztiek “Olagarro Alperra” deitzen ziotela. Betidanik
itsasoa lanean ibilia zen, baina lana egitea ez zitzaion batere gustatzen eta
gainontzeko arrantzaleei eskatzen zien haren lana egiteko. Olagarro guztiek
bezala, honek ere zortzi garro zituen. Olagarro alperrari asko gustatzen
zitzaizkion bere garroak eta horregatik egunero begizta gorri bat lotzen zuen
garro bakoitzaren puntan apain‐apain egoteko.
Itsaso zabalera arrantza egitera ateratzen
zirenean, lan handia egiten zuten arrainak harrapatzen. Hain zen alperra
olagarroa berehala nekatzen zela lana egiteaz, lana egin beharrean askotan
esertzen zen itsasontziaren iskina batean gozokiak jatera. Gozokiei papera
kendu eta bapo jartzen zen, tripa puztu‐puztu eduki
arte. Lana egin ezean, gozokien estalkiak itsasora botatzen zituen, egunero lau
edo bost paper botatzen zituen uretara. Bere lankideak, Txapel Txipiroiak,
zakarra zakarrontzira bota behar zela esaten zion eta ez lurrera edo itsasora.
Horrela jarraitzekotan itsasoa zakarrez beteko zuela esan zion eta bertako
animaliek ez zutela bizitzeko lekurik edukiko. Baina hain zen alperra
olagarroa, paperontzira paperak botatzeko altxatu beharrean, itsasora botatzen
jarraitu zituela. Hondartzara iristean, arrantzatutako arrainak itsasontzitik
atera eta gero, harri baten gainean eseri eta tuna lata bat jaten zuen. Osorik
jan ondoren, lata lurrera botatzen zuen beti.
Goiz batean, bere autoan sartu eta
lanerako bidea hartu zuen, txistuka, kantari eta freskagarri bat edaten zihoan
hondartzara iristen zen bitartean. Oraingo honetan ere, botila lurrera bota
zuen eta lasai asko aurrera jarraitu zuen. Bat‐batean, kaio
bat hurbildu zitzaion:
‐- Aizu,
Olagarro Alperra! gorde ezazu botila hori patrikan! Goizero zikinkeriak
botatzen dituzu lurrera eta bidea eta hondartza zikintzen ari zara. Hemen,
animalia asko bizi gara eta kalte besterik ez diguzu egiten. Gainera, zure
etxea hondartzatik oso gertu dago, ez zenuke egunero autoa hartu beharko, ke
beltz horrek airea eta gure birikak zikintzen baititu.
Olagarroak ez zion kasurik egin eta
aurrera jarraitu zuen. Kaioak orduan horrela esan zion:
‐- Olagarro
Alperra! Lurrera zikinkeri bat botatzen duzun bakoitzean, garroak puztu egingo
zaizkizu.
Hori entzuterakoan olagarroa barrezka hasi
zen itsasontzira abiatzen zen bitartean.
Itsasontzian, egunero bezala, olagarro
alperra gozokiak jaten hasi zen, eta oraingoan ere, estalkia itsasora bota
zuen. Orduan, kolore berdea zuen arrain bat hurbildu zitzaion eta zera esan
zion frantses azentuarekin:
‐- Olagarro
Alperra! Egunero egunero gozoki estalkiak botatzen badituzu itsasora, bertan
bizi garen animaliek ez dugu bizitzeko lekurik izango.
Olagarro Alperrak beste alde batera
begiratu zuen arrainari kasurik egin gabe. Orduan arrainak hurrengoa esan zion:
‐- Olagarro
Alperra! Itsasora zikinkeria bat botatzen duzun bakoitzean garroak puztu egingo
zaizkizu.
Olagarroak arrain berdea begiratu eta
mihia atera zuen iseka eginez.
Hurrengo goizean, etxetik atera bezain
laster gozoki bati estalkia kendu eta lurrera bota zuen. Bat‐batean
garroetan azkura apur bat sentitu zuen Olagarro Alperrak. Beherantz begiratu
eta a zer nolako ezustekoa! Garroak zertxobait hanpatu zitzaizkiola konturatu
zen. Ez zion garrantzia handirik eman eta hondartzara abitu zen.
Itsasontzian zegoela platano bat zuritu
zuen eta, nora bota zuen azala?
Bai, itsasora, betiko moduan. Momentuan
bertan, azkura handia sentitu zuen garroetan. Beherantz begiratu eta oihu
izugarria bota zuen.
AAAAAAAAAAAAAAAA!!!!!!! Garroak gero eta
gehiago ari zitzaizkion puzten eta bere begizta gorriak oso estu zituen hain
zituen handiak garroak … Beraz, begizta kendu zituen eta egun osoa eman zuen
eserita, oso kezkatuta eta bere garroak behin eta berriro begiratzen.
Arratsaldean, hondartzara iristean, lasaiago
zegoenez, freskagarri bat edan eta … pin, pan, pun, beti bezala lurrera bota
zuen freskagarri lata. Baina lurra gero eta urrunago zegoen. Oraingo honetan
Olagarro Alperrak garroek puxika erraldoiak ziruditela ikusi zuen, eta lurretik
ldentzen ari zela konturatu zen.
‐- Zer
gertatzen ari zait, oihukatu zuen behin eta berriro? Nora noa?
Lagundu mesedez!
Olagarro Alperraren garroak gero eta
handiagoak ziren. Bere gorputza baino handiagoak zirenean, puxika handi baten
antzera, olagarroa airean gora eta gora igotzen hasi zen. Oso urduri zegoen,
haien altu zegoen itsasontzia eta kotxea ez zituen ia ikusten, eta negar egiten
hasi zuen.
Momentu horretan, kaioa agertu zen hegaka.
Olagarro Alperra airean hain goibel ikusi zuenean, Arrain Berdeari dei egin
zion. Egunero, olagarroak kaleak, hondartza eta itsasoa zikintzen zituen arren
lagundu egin behar ziotela erabaki zuten. Beraz, kaioa Olagarro Alperrarengana
hurbildu eta mokoaz, bere garro erraldoiak zulatu egin zizkion. Garroen barruan
zegoen aire guztia bortizki ateratzen hasi zen eta olagarroa bueltaka hasi zen
zeruan barrena. Bitartean, Arrain Berdeak zenbait itsasoko belar ekarri zituen
hondartzara. Denak han bildu eta ohe handi bat egin zuen.
Olagarro Alperra, jadanik guztiz
mareaturik, hondartzara hurbiltzen hasi zen airean bueltaka zebilen bitartean
eta PUM! Arrain Berdeak egindako ohe handi horren gainean erori zen.
Bere garroak begiratzen zegoenean, Arrain
Berdea eta kaioa hurbildu ziren eta Olagarroak eskerrak eman zizkien. Orduan,
arrainak honela esan zion:
‐- Bazenekien,
hondartza, kaleak eta itsasoa zikintzen jarraitzen bazenuen garroak puztuko
zitzaizkizula.
‐-Hemendik
aurrera, ‐jarraitu zuen kaioak‐
kontu handiagoz ibili beharko duzu, eta gure ingurua garbi mantendu,
errespetatu. Zure zakarrak birziklatze ontzietara bota ditzakezu eta autoa
erabili beharrean bizikletaz bidaiatu.
Olagarro Alperrak airean zegoenean
itsasontzia eta kotxea ez zituela ia ikusten esan zien, baina freskagarri lata,
gozokien estalkiak eta zarama pilo bat ikusi zituela.
‐Hondartza
eta itsasoa oso itsusi eta zikin ikusten dira zikinkeriaz beteta, eta nire
errua da. Hemendik aurrera, ez dut gehiago zikinduko, hórrela animaliak eta
landareak poz‐pozik biziko dira dena nire zaramarekin
inguraturik egon beharrean.
Olagarro Alperrak kaleak, hondartza eta
itsasoa garbi mantendu behar zituela ulertu zuen. Bere bizikleta zaharra
garajetik atera eta, goizero, autoa etxean utzita bi gurpilen gainean hasi zen
joaten lanera eta handik aurrera ez zuen inoiz gehiago natura zikindu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.