domingo, 15 de febrero de 2026

Ihauterietan ere pilota maite


GALIPA haur bat bezalakoa da, ez geldia, ipurtarina, eguneroko ordu asko lapurtzen dizuna, ez dago erlaxatzeko egunik, urtean 340 eguneko kirol-jarduera baitugu.

Aste barruan, entrenamenduak daude han eta hemen, pilota eskolakoak ere, batzutan lehiaketako partiduak...  eta asteburuan, festa!!! partidu-mordoxka Bizkaiko frontoietatik eta gurean ere bai.

Materialak, aktak, ordutegiak, emaitzak, argazkiak, argitalpenak, bilerak...

Hobetzeko entrenatu nahi dugu eta irabazteko jokatu behar. Kirola lehia da. Euskal Pilotan ez dago berdinketarik,  irabazle eta galtzaile dago.
Astebete barru otsailaren 22an izango gara eta GALIPAk dagoeneko 100 partida ofizial jokatuko ditu 2026ko 50 egun pasatxotan. Ez gara gelditzen, hosto bat erreka batean bezala mugitzen gara, zailtasunak saihestuz, bideari jarraituz, azkenean itsasora iristen den zuhaitzetik eroritako hostoa bezala.

Dagoeneko, 78 partidu jokatu ditugu (horietako 20 eskola kirolean). Emaitzak ezin hobeak izaten ari direla esan daiteke, 19 bakarrik galduak izan baitira (horietako 5 eskola kirolean).

Gure eskolako umeak teknika eta taktika hobetuz doaz, Agus Maldonadoren eskutik, eta jokaturiko 20 partidetatik 15 irabazi (%75) eta 5 galdu (%25%). Gure 16 pilotari txikiek saria merezi  dute. Bejondeizula!
Nagusien artean, gure neskeen bikoteak izugarrizko lana egiten ari dira, 14 partidetatik 12 irabazi baitute eta bi bakarrik galdu . Apartekoa!

Urtarrileko aldapa edota xurgatu duen alea gizonezko paleta gomaz dugu. Jokamolde honetan aurtengo ia 50 egunetan 8 partidu galdu ditugu,  galtzen diren guztien erdia baino gehiago eta, gutxi gorabehera, jokatzen dugunon erdia baino gehixeago. Jokamolde horretan zerbait aldatu beharra dago.

Bien bitartean, eutsi, ez etsi, segi aurrera... gogoratu zuhaitzetik eroritako hostoa itsasoraino  heltzen dela.


Atzo (otsailak 14), maiteminduen eguna edota Ihauteriak izan zirela eta, frontoietan pilota partida gutxi eta mozorro asko ikusi ditugu. 

Hala eta guztiz ere, indarberritu egiten naute gure pilotarien emaitzek, nahiz eta maiteminduta egon eta mozorrotu nahi izan... jokaturiko zortzi partiduetatik sei irabazi baitugu, hau da, % 75a, eta hori asko irabaztea da. Kontuan hartzen badugu, gainera, aste honetan ez dutela gure pilotari ospetsuetako batzuek jokatu (ibai Perez, Román Maldonado, Agus Maldonado, Fakun Maldonado, Asier Ramos, Unai Sojo, Iñaki Leonardo, Leire Etxaniz, Unai Duoandikoetxea...), ba, garaipenen % 75 horrek balio handiagoa hartzen du. Izar guzti horiek gabe %75 irabaziz gero, Beloradoko mojez mozorrotzeko eta lehen saria irabazteko da, gutxienez...









No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...