Ondo baino hobeto ezagutzen nauen edonork jakin badaki olerkizalea naizela, bai irakurtzen baita idazten ere. Euskeraz, nire olerkari kuttunenetariko bat Kirmen Uribe da, zalantzarik ez. Gaurkoan, haixederren, bere poemarik maiteenetariko bat, "Urriko poema" dakarzuet. Goza ezazue!
Urriko poema (Kirmen Uribe)
Iritsi dira notiziak,
iritsi dira eskutitzak,
baina ez zureak.
Igaro ziren hegazkinak,
erre zituzten zubi denak,
isildu bazterrak.
Galdetu diet hegabereei,
galdetu pago biluziei,
(zutaz) ez dakite ezer.
Etorri hona,
etorri laster niregana,
izotza dut zainetan.
Soineko gorria iazko sanjuanetan,
suaren beroa gure gorputzetan,
amantala zabaldu da zelaian,
argazki zaharra nire oroimenean.
Lagun bat Parisen izan da lanean. Emakume bat ezagutu zuen bertan. Emakume hura Bigarren Mundu Gerran jaio zen Pragan. Artean mantoko umea zelarik bere aita preso hartu zuten alemanek, soldadu engaiarazi eta Errusiako frontera bidali zuten. Neskatoak eta bere amak ez zuten geroztik aitaren berri izan. Ez gutunik ez eta inolako abisurik. Bizi bazen edo hil bazen, ez zekiten ezer.
Urteak joan urteak etorri, neska koskortu egin zen. Gero, unibertsitate-ikasketak bukatu eta irakasle hasi zen lanean. Arte irakaslea. Urte batean, ikasle-truke baten bitartez, Ekialdeko Alemaniako mutil bat izan zuen eskolan. Ikaslea eta biak maitemindu eta geroxeago ezkondu egin ziren.
Ezkonberritan telegrama bat jaso zuten. Senarraren aita hil zen. Lur-ematea zela-eta, Ekialdeko Alemaniara joan ziren hurrengo egunean. Aitaginarreba Txekoslovakian jaio zela jakin zuen han. Gerran Alemanek preso hartu, soldadu engaiarazi eta Errusiako frontera bidali zuten. Gezurra badirudi ere, onik atera zen. Gerra bukatu eta Txekoslovakiara itzuli beharrean Alemanian geratu zen. Izen berria hartu, aleman batekin ezkondu eta bertan bizi izan zen hil arte. Zerotik hasteko aukera eman zion gerrak.
Emakumeak aitaginarrebak Txekoslovakian izan zuen izena galdetu zuen urduri. Bere aita zela konturatu zen berehala eta senarra bere neba.