Behin batean, azeri batek adarra jo nahi omen zion zikoina bati. Normalagoa da azeri batek zikoina askari gisa jan nahi izatea, baina gauzak ez ziren hala gertatu, eta zer egingo diogu ba! Bazkaltzera gonbidatu omen zuen, eta platerkada zopa goxo eskaini. Zopa, ordea, plater atal batean ipini zion. Zikoinak moko luzea zuen, zikoin guztiek bezala, eta apenas ttantta bat edaterik ere lortu zuen. Etxeko nagusiak, aldiz, bere mihi luze eta zorrotzarekin platera garbi-garbi utzi omen zuen.
Azeriak, orduan, ikaragarrizko barreak egin zizkion gaixoari. Besteak, noski, bekosko beltza jarri zuen, ez baitzuen ondo hartu azeriak egin ziona. Horregatik, begia begi truk ematea pentsatu zuen.
Egun batzuk geroxeago, udako eguerdi sargori batean, zikoinak azeria gonbidatu zuen etxean prestatuta utzi zuen limoi-ur fresko eta gozoa edatera. Azeriak, egarri baitzen, gustura hartu zuen gonbitea. Oraingoan, ordea, zikoinak botila luzeska eta mutur mehe batean atera zion limoi-ura, eta esan zion azeriari:
—Beno, has gaitezen ba edaten.
Jakina, oraingoan oso bestelakoak izan ziren han gertatuak: zikoinak bere moko luze eta mehea laster sartu zuen botila muturrean, eta nahi beste edan zuen. Azeria, berriz, alferrik saiatu zen mingainarekin, eta ez zuen ezta ttanttarik ere edaterik lortu. Egarria areagotu egin zitzaion, eta zikoinaren aurrean lotsagarri gelditu zen gainera. Aspaldiko errefrau hura egia zela frogatu ahal izan zuen horrela:
Gaitz orok du bere gaitzagoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.