Norak ezin izan du ulertu urte askoan osaba Tomaxek esaten zuen bezala hain lanbide emozionantea izanik, zergatik erabaki zuen egun batean dena utzi eta New Yorkera alde egitea.
Informazio gehiago:
https://eu.wikipedia.org/wiki/Arantxa_Iturbe
NORA SUHILTZAILEA IZAN NAHI DU
Norak suhiltzaile izan nahi du. Txikitatik. Bere amak esaten du osaba Tomaxen errua dela.
—Ditxosozko kamioi hura ekarri izan ez balizu, suhiltzaileak zer diren ere ez zenuen jakingo. Baina gure anaia horrek ideia onik izaten ez duenez...
Osaba Tomax Noraren amaren anaia da. New Yorken bizi da aspalditik, eta bisitan etortzen den bakoitzean opariren bat ekartzen dio Norari. Ekartzen zion behintzat, oraintsu arte.
Gogoan daukan lehendabizikoa amak "ditxosozko kamioia" deitzen dion hura. Gorri-gorria. Benetakoak bezalakoa. Urte asko pasa diren arren, Norak ez du ahaztu osaba Tomaxek kamioia ekarri zion eguna. Ikaragarrizko kaxa batekin azaldu zen. Gaineko papera kentzerako hasi zen osaba Tomax "ni-no-ni-no" egiten, eta kaxa ireki baino lehen asmatu zuen Norak zer zen: kamioia! Eta halaxe zen.
Ez zuen bere kaxa "ni-no"rik egiten. Ezta behar ere. Esku batekin bultzaka pasilloan gora eta behera, plazan harantza eta honantza, eskolan atzera eta aurrera ibili du urteetan Norak ahoarekin "ni-no" eginez. Oraintsu arte.
Argia bai, argia izan zuen hasieran kamioiak,hainbeste erabiltzearen ondorioz hondatu zitzaion arte. Ekarri zion egunean, kaxatik atera bezain pronto, piztu zion Norak, eta osaba Tomaxek irribarrez begirstzen zion bitartean jaso zuen lehendabiziko deia: "Lagundu! Lagundu!
Gure etxea erretzen ari da! Kamioiari argia piztu eta han joan zen pasilloan barrena "ni-no" eginez bere beharra zuten tokiraino. Korrika eta presaka eskailera luzatu eta mangerari tiraka hasi zen. Osaba Tomaxek, ordea, itsu-itsuan lanean hasi baino lehen, zer egin behar den aztertzea hobe dela esan zion.
—Egin beharrekoa bi aldiz pentsatuta egiten baldin bada, lanaren erdiarekin nahikoa izaten da normalean —hala esan zion osaba Tomaxek. Eta halaxe egiten ikasi zuen Norak. Handik aurrera deia jasotzen zuen bakoitzean lanean hasi aurretik egoera aztertzen zuen. Sua zenbatekoa zen, nondik nora zihoan, etxe barruan zenbat jende zegoen eta zer laguntza beharko zuten... ahal zuen guztia jakiten saiatzen zen lanean hasi baino lehen. Eta arrazoi zuen osaba Tomaxek. Horrela errezagoa zen. Azkar egin behar izaten zuen, halere, lana. Suak dena jaten baitu gehiegi itxaronez gero.
—Ez du benetan urik botako, ezta? —galdetu zuen izututa Noraren amak kamioiak benetakoa ematen zuela ikusi zuenean.
—Zertarako du suhiltzaile batek urik botatzen ez duen kamioia? —esan zion osaba Tomaxek Noraren amari—. Eskaileraren azpian tanke bat dauka horretarakoxe. Iturrian urez bete eta botoi honi emanez gero ura botatzen du, jakina.
—Ezta pentsatu ere! Nora! Etxe barruan ez dut ur-tanta bakar bat ere ikusi nahi! Entzun?
Entzuteko moduan hitz egin zuen Noraren amak. Eta entzuteko moduan hitz egiten zuenean, hobe zen hark esandakoa egitea. Urik ez etxe barruan.
Plazara jaisten zenean, ordea, iturrian betetzen zion tankea Norak, edozein larrialdi izanda ere, beti prest egoteko.
Urteotan ehunka sute itzali ditu Norak bere kamioiarekin jolasean, pertsona asko salbatu ditu sutan erretzetik, eta bere beharra izan duten bakoitzean han joan da Nora, laguntzeko prest. Oraintsu arte.
Kamioia ez da izan osaba Tomaxen opari bakarra. Gogoan daukan lehendabizikoa bai. Baina haren atzetik etorri ziren suhiltzaile izateko behar diren gainontzeko traste guztiak: neurri guztietako aizkorak, estintoreak, kaskoa, baita tutu luze bat ere, Noraren amaren desesperaziorako!
—Tomax! Erotzen hasi al zara? Zer egin behar dugu tutu horrekin?
—Noraren gelan jarriko dugu, emerjentzietan nola jaitsi ikasi dezan!
Baita jarri ere! Ohearen ondoan. Eta jaikitzerakoan, Norak ohearen ondoko mahai gainera igo eta tututik behera salto egin izan du urteotan. Suhiltzaileek bezala. Oraintsu arte.
Tomaxen azkeneko bisitan aldatu ziren gauzak. Azaltzen zen bakoitzean bezala, kaxa handi bat ekarri zuen besopean osaba Tomaxek. Lazo eta guzti.
—Non da nire suhiltzailerik ausartena? —esanez sartu zen Noraren etxean.
—Nahikoa dugu, Tomax! Ez gehiago burua berotu umeari! —esan zion Noraren amak.
—Umeari? Baina emakume bat egina dago-eta! —erantzun zion osaba Tomaxek kaxa lurrean utzi eta Nora besarkatuz—. Umea esaten du zure amak, Nora!
Eta bat-batean serio jarri zen.
Nora kezkatuta geratu zen. Ez zuen ulertzen zer gertatzen ari zitzaion osaba Tomaxi. Inoiz ez zuen hain serio ikusi. Beti irribarre egiten zuen.
—Zer da, osaba? —galdetu zion.
—Ezer ez, Nora... Hazi egin zarela, besterik ez.
—Eta hori tristatzeko arrazoia al da? —jakin nahi izan zuen Norak.
—Ez, ez, nola ba! Baina ez dakit ekarri dizudan opariak balioko ote dizun... Ez dut kontuan izan hain denbora gutxian hainbeste haziko zinenik...
Hori oparia ikusita jakingo zutela-eta, Norak ilusio izugarriz zabaldu zuen kaxa. Suhiltzaile-jantzia zen. Benetakoa bezalakoa. Baina osaba Tomax ez zebilen oker. Nora saiatu zen arren, ez zen modurik izan uniforme hura janzteko. Txikiegia geratzen zitzaion.
—Sentitzen dut —esan zuen osaba Tomaxek.
—Lasai, osaba... Hurrengoan handiagoa ekarri eta listo! —animatu zuen Norak.
—Txorakeria hauek uzteko garaia iritsi dela uste dut —jarraitu zuen osaba Tomaxek.
—Gaitz erdi konturatu zarenean! —erantsi zuen amak.
Nora lur jota geratu zen. "Txorakeria hauek" esan zuen osaba Tomaxek. Familian bere alde egiten zuen bakarrak "txorakeria hauek" deitu zion bere suhiltzaile izateko gogoari. Eta ez zen txorakeria. Ez da txorakeria. Norak suhiltzaile izan nahi du.
Horregatik dabil egunotan hain triste. Osaba Tomax joan da berriro ere New Yorkera, suhiltzaileak heroi diren herrira. Eta bakarrik utzi du bera. Bera eta bere ametsa.
—Hurrengoan soineko polit bat ekarriko dizut! —esan zion joaterakoan.
Norak ez zion erantzun. Ezin zuen ulertu nolaz aldatu zen hainbeste osaba Tomax.
—Mundu honetan nahi den guztia lortu liteke, saiatuz gero —esaten zion osaba Tomaxek.
—Suhiltzailearena ofizio gogorra da, baina merezi du jendeari laguntzen bizitzeak —hainbestetan entzun zion hura osaba Tomaxi!
Izan ere, osaba Tomax gaztetan suhiltzaile izandakoa zen. New Yorkera joan baino lehen.
—Zergatik utzi zenuen? —galdetu zion behin Norak.
Eta orain konturatzen da osaba Tomaxen begiak tristatu egin zirela hori galdetu zionean. Txikitan ez zen konturatu. Txikitan ez da antzematen osabek begiak triste edo alai dituzten. Baina Nora asko hazi da. Eta orain badaki, galdezka hasiz gero, osaba Tomaxen begiak tristatu egiten direla. Galdetzen zuen garaian ez. Amak isilarazten zuen esanda:
—Uztatu bakean osaba Tomax!
— Hori da, hori, galdetu beharra! —kexatzen zen Noraren ama.
—Eta jende asko salbatu al zenuen, osaba? —galdetzen zion egun batean.
—Eta norainoko sua ikusi izan duzu? Zerurainokoa? —hurrengoan.
Suhiltzaile zen garaiko abentura asko kontatzen zizkion osaba Tomaxek bisitan etortzen zen bakoitzean. Biak bakarrik zeudenean hitz egiten zuten abentura haietaz. Norbait azaltzen bazen, isildu egiten zen osaba Tomax. Norak suhiltzailez jantzita imajinatzen zuen munduko suterik handienen kontra borrokan, eskailera gainean, aurpegia belztuta. Harro zegoen bere osaba Tomaxez. Eta berak osaba Tomax bezalakoa izan nahi zuen. Izan nahi du oraindik.
Txikitako kamioiari begira harrapatu du amak Nora.
—Nora, jostailu horiek ganbaran gordetzen hasi beharko dugu. Handiegia zara horiekin jolasean ibiltzeko!
Noraren amak inoiz ez du aintzat hartu behar ametsa. Aitak ere ez.
—Oraindik kontu horrekin jarraitzen al duzu? —galdetu zion, haserre, behin, bere lagun batek handitan zer izan nahi zuen galdetutakoan Norak betiko erantzuna ematen zuela ikusita.
—Pasatuko zaio —lasaitu nahi izan zuen amak aita—. Ez ahaztu zuk txikitan zer izan nahi zenuen!
Norak ez daki zer izan nahi zuen bere aitak txikitan. Baina badaki berak zer izan nahi zuen. Eta zer izan nahi zuen oraindik. Osaba Tomaxek "txorakeria hauek" deitu arren, badaki ezin duela bere burua beste ezertan imajinatu. Ezta nahi ere!
Konturatzen da, halere, badela ezkutuko arrazoiren bat bere gurasoak betidanik bere nahiaren kontra egoteko. Inoiz ez zaie gustatu izan berak suhiltzaile izan nahi duela entzutea. Ezta txikitan ere. Gurasoen lagunei, bizilagunei, irakasleei grazia egiten zien. Bere gurasoei ez. Eta badaki, orain handia delako daki, osaba Tomaxek baduela zerikusia bere gurasoen jarrerarekin.
—Ama, asko hazi naiz, baietz? —hasi zaio amari, biak sukaldean bakarrik dauden batean.
—Bai, umea, izugarri hazi zara. Gezurra dirudi.
—Egia jakin nahi dut.
—Egia? Zertaz ari zara? —aak, harrituta.
—Zer gertatu zitzaion osaba Tomaxi?
Amak ontziak lehortzen jarraitu du pixka batean. Norak ere bai, bere alboan. Zeharretara begiratu dionean konturatu da amaren begiak malkoz betetzen ari direla. Ontziak utzi eta "eseri, Nora" esan dio. Eta orduan hasi zaio kontatzen ordura arte kontatu gabekoa.
Osaba Tomax, Noraren amaren anaia txikiena, suhiltzailea zen. Oso txikitan hasi zen suhiltzaile izan nahi zuela esaten, "zu bezala, Nora". Ez zeukan Norak adina jostailu, baina harrapatzen zuen edozer bihurtzen zuen kamioi, mangera edo eskailera. Inork ez zuen zalantzarik Tomax zer izango zen handitan. Eta esanda bezalaxe, handitu zenean izugarri prestatu zen suhiltzaile izateko. Baita izan ere. Ausarta zen oso, ez zion ezeri beldurrik eta bere lankideek izugarri estimatzen zuten osaba Tomax. Makina bat jende akordatzen da oraindik Tomaxen abenturez. Herriko bi gazte hilzorian leize-zulotik atera zituenekoaz; botikariaren familia osoa ibaian itotzetik salbatu zuenekoaz; beste suhiltzaile bat ez zela agertzen-eta "ez joan Tomax!" oihu egiten zioten arren, sutan barrena desagertzen eta laguna bizkarrean hartuta onik irteten ikusi zutenekoaz; eta batez ere, bere etxea, Tomaxena, erre zenekoaz.
Tomaxen emaztea eta seme txikia zeuden bertan. Inork ez daki zergatik piztu zen sua, baina suhiltzaileak iritsi zirenerako indar handia zeukan. Tomax ez zen kikildu. Barruraino sartu zen, beti ohi zuen bezala. Eta berak atera zituen emaztearen eta semearen gorpuak besotan. Kearekin itota.
—Berak gehien maite zituenak ezin izan zituen salbatu, Nora. Horregatik utzi zuen dena.
—Zure osabak maite zuen bere lanbidea, eta maite du oraindik. Ikusi besterik ez dago nola hitz egiten dizun etortzen den bakoitzean. Baina zurekin bakarrik hitz egiten du horretaz. Gurekin ez du aipatu ere egiten. Gertatu izan ez balitz bezala.
Oso gaizki lo egin du gauean Norak. Amesgaiztoetan ibili da. Maite duen jendea ikusi du su artean eta berak ezin zuen ezer egin laguntzeko.
—Ez zenion kontatu behar hori Norari! —hurrengo goizean aita errietan ari zaio amari.
—Jakiteko eskubidea zeukan! —buila egin zion amak.
—Txikiegia da oraindik hain istorio gogorrak entzuteko! —aitak.
—Bizitza gogorra da, eta zenbat eta lehenago jakin, hobe! —amak—. Gainera, horrela konturatuko da gauza bat dela amets egitea eta bestea benetako bizitza! Eta ametsak ahazten hasteko edadea badauka jada gure Nora txikiak!
Isilik geratu dira biak, Nora sukaldean azaldu denean.
—Ez haserretu nigatik. Erabaki dut: suhiltzailea izan nahi dut.
Ez du besterik esan. Gosaldu ondoren osaba Tomaxi idatzi dio:
"Osaba, hurrengo urteko bisitan suhiltzaile-jantzia nahi dut. Badakizu handia erosi beharko duzula. Asko hazi naiz. Badakit akaso ez dudala lortuko maite ditudan guztiak salbatzea, baina merezi du saiatzeak. Erabakita daukat: suhiltzaile izan nahi dut. Zu bezala. Asko maite zaitut. Nora".
Amak jostailu guztiak erretiratu dizkio galatik. Tutua ere ganbarara igo du. Baina ezin du Noraren gogoa ganbaran utzi, hautsak jan dezan.
—Nora, ez dut gehiago hitz egin nahi honetaz —esan dio aitak, serio, afalorduan—. Garaia iristen denean, erabakiko duzu zer egin. Baina ez inoiz ahaztu amets egitea oso gauza polita izan arren, bizitza beste zerbait dela, askotan amesgaiztoekin zerikusi gehiago duena amets politekin baino.
Norak badaki. Horregatik erabaki du gaur arratsaldean bertan suhiltzaileen egoitzara joatea. Suhiltzaile izateko zer egin behar den jakin nahi du. Lehenbailehen.
—Oraingoz ez dago emakume suhiltzailerik hemen —esan diote han—. Zu izango zara lehendabizikoa, beharbada.
—Zer egin behar dut horretarako?
—Lehendabizi, behintzat, hazi —eta barrez hasi dira une hartan han dauden suhiltzaileak.
—Lasai egon, haziko naiz —erantzun die, seguru, Norak.
Hori seguru baitaki. Haziko dela.
Kamioira igotzen utzi diote suhiltzaileek. Eta han goian, kabinan, suhiltzailez jantzita imajinatu du bere burua. Munduko suterik handienaren kontra borrokan. Sute-eskaileretan gora eta behera ibiltzen lagundu diote. Entrenamendu pixka batekin azkarrena izango da. Mangera ez dago askatzerik. Ez da jolaserako.
—Suteak abisatu gabe iristen dira. Sua traidorea da —kontatu dio suhiltzaileetako batek—. Zu konturatzerako dena irensten du.
Horixe esaten zion osaba Tomaxek ere.
Baina Nora ez da kikiltzen. Oso garbi dauka zer izan nahi duen handitan.
—Urte batzuk barru suhiltzaile izan nahi duzula pentsatzen baduzu, azaldu, eta esango dizugu zer egin behar duzun! —animatu dute suhiltzaileek agurtzerakoan.
Pozik iritsi da etxera Nora.
Orain, haztea bakarrik falta zaio.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.