Alkizako Barnetegitik etorri eta gero... gelan nire ikasleekin barnetegian bizi izandakoari buruzko hausnarketa sakona egitea komenigarritzat jo nuen. Hala izanik, arbela digitaletik galdera orokor bat helarazi nien:
Zertara(ko) joan gara/ginen
Alkizako Barnetegira?
Alkizako Barnetegira?
Esan behar da ikasle guztiek parte hartu dutela, euren iritziak emanez. Erantzun guztiak bildu ondoren, honako hauek geratu zitzaizkigun:
- Euskara(z) gehiago hitz egiteko, euskara(z) praktikatzera, euskara(z) ikastera, euskara(z) entzutera, euskararekin dibertitzera, euskaraz joko berriak ikastera, euskaraz egiten saiatzera...
- Jende berria ezagutzera, lagun berriak egitera...
- Elkarbizitza lantzera: harreman onak izaten, errespetua erakusten, barnetegian zeuden guztiak ondo tratatzen, gure taldeko harremanak sendotzen/hobetzen...
- Ondo pasatzera: ekintza berriak/dibertigarriak ikasten, dantza egiten, jolasten...
- Alkiza ezagutzera eta leku berriak ikustera.
- Jokoen bitartez ikastera eta parte hartzera...
Beranduago, ikasleek bakarka
azpimarratu behar zituzten eurek
lortutakoak eta garrantziaren arabera zenbatu/ordenatu. Geroxeago, komunean ipini
ditugu iritzi guztiak.
Honekin batera, proiektatu genituen, barnetegira joan baino lehen, neuk egin nizkien eskakizunak:
- Euskaraz egiten saiatzea.
- Ondo pasatzea, baina beti ere inor molestatu gabe.
- Gasteizko ikasleekin (beste guztiekin ere bai) errespetua azaltzea.
Orokorrean, euren ustez, hiru
eskakizun hauek denek bete dituzte, salbuespenak salbuespen. Esate baterako,
batzuek gauez hitz egiten zuten eta hori ondo ez zegoela pentsatzen dute; ikasle batek
gaizki pasatu zuen zaldietan; eta beste batzuek, euskaraz egiten saiatu diren arren
eta eskolan baino euskaraz gehiago egin duten arren, erderaz ere, agian gehiegi, hitz egin dutela onartzen dute; batez
ere, Gasteizko ikasleekin, haiek ere gehienetan erderaz egiteko joera erakusten zutelako.
Euren iritziz,
barnetegiko irakasleekin beti euskaraz egin dutela baieztatzen dute
(salbuespenak nimiñoak dira). Baita ere Gasteizko andereñoekin eta nirekin,
esaten duten arabera. Gasteizko ikasleekin, berriz, Elirekin bakarrik euskaraz hitz
egiten zuten; eta batzutan Ayarekin ere; baina besteekin gehienetan erdaraz. Eta azkenik, karrantzakoen
artean, tarteka, denetarik dugu.
Zertara(ko) joan ginen barnetegia galderari erantzuterakoan, deigarria den joera batetaz konturatu naiz: mutil gehiengoaren ustez,
euskararen inguruko helburuak (...) garrantsitzuenak ziren, bigarren toki
batean elkarbizitzakoak jarriz. Baina
neska askorentzat, berriz, lagun berriak egitea eta harremanak premiazkoenak
ziren, euskararenak bigarren plano batean kokatuz.
Azkenean, honako ondorioa ontzat hartu dugu:
"Alkizako Barnetegira gure euskara hobetzera joan ginen. Beraz, abagune hori ondo baino hobeto aprobetxatu behar genuen, eta erdizka bakarrik aprobetxatu dugu. Halaber, ondo pasatu ahal dugu, lagun berriak egin ahal ditugu eta esperientzia polita bizi ere, euskarari lotuta."
Beste balorazio bat egin dugu, ea zelan pasatu dugun kontatzen eta puntuatzen. Honetan, denek oso ondo pasatu dutela adierazten dute, beti ere 9tik gora ipintzen, ikasle batek izan ezik, nork 7a ematen dio bere egonaldiari.
Antolatutako ekintzei buruz zera diote: gehien gustatu zitzaizkienak hurrengo bost hauek izan direla:
- zaldietan ibiltzea.
- janaria.
- karaokea, jolas batzuk...
- Barnetegiko jendea eta Gasteizkoekin egotea.
Eta gutxienak: - agurra eman beharrekoa eta diskoteka.
Bestalde, azkenengo egunean egindako emanaldiaz ere luze hitz egin dugu eta bideotxoak ere ikusi; iruzkinak botatzen, bakoitzaren parte hartzea aztertzen eta baloratzen eta elkarrekin ebaluatzen. Denek denoi 1etik 10era arteko nota ipini diete. Kontuan izan beharrekoak orain arte landutakoak dira (ahozkera, lasaitasuna, erritmoa, gestuak, gorputz mugimenduak...). Bakoitzaren bataz besteko nota, azterketa arrunta balitz bezala, 2. ebaluazio honetako Hizkuntza arloan sartzen da. Argi ta garbi esan nahi dut oso gustura geratu naizela euren irizpideekin . Beraz, guztiak goraipatzen ditut.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.